Tren-geltokiaren zoladura zurezkoa da, menturaz, garai baten isla? Estetika hori betitik gaindiezina egiten zait; forma orga(sm)nikoak altzairuaren larderiarekin uztarturik; faltan, beharbada, ikatz-ke poxiño bat?
Kadera parean, jende bana, Peaky Blinders-ekoek bezti zezaketen zapela buruan. Norat doan ez jakin, trenaren beha daude, haiek beraiek ere ez dakikete. Zurak eta burdinak hesten duten baliza laukia badute, baina ireki-eta, ez darie kofaren oihartzuna baizik.
Eleka hasirik, zalu entelegatuko duzu euskararen bidaiariak direla, eta maleta hori, behinola, euskalkiz mukuru betea zela, ezin hesteraino.
Jinik gabeko txartela hartua duela, itzulbiderik gabekoa, nonbait... galtokian daudela.
Zurezko taulagain zabal horretan, hertsia geroa, alta, trenik ez dugu oraino ikusi jiten, berdin, etxerako tiketa hartzeko astia ukan du bidaiariak?
Askaot ikusgarriaren karietara emanen dute egun obra Oztibartarrek, bigarren eta hondarreko aldikoz. Askaot haize zirimola da, zeina ez baita Oztibarren baizik erabiltzen.
Emanaldi erraldoiak berrehun bat jende taularatu ditu. Ez dugu euskara baizik behatu bi oren horietan, haizeak segi dezala hola itzulikatzen.