Eskertu dugu bihotz-bihotzetik (H)ilbeltza nobela beltzaren ekimena. Eta hitzorduari esker, txokolatea erosteko ilaran egotea, noren, eta justu espaloian aipatzen ari ginen Suak erreko ez balu idatzi duenaren gibelean. Hortaz, sorbalda zabal horietan kax-kax-kax deitu dut, Eneko Barberenari jakinarazteko plazerez leitua genuela berea. Abiatu dugu solasaldia, uste dut, bitartean, saltzaileak, bi kilo txokolate gehitzeko astia ukan zuela. «Beharrik literatura», bota zuen gutariko batek; «Literaturarik ezean, ez nengokeen bizi honetakoa», aitortu digu segidan M-k, bere begi handi borobil-borobil horiek amiñi bat ñir-ñir. Orduan bururatu zaio Barberarenari Nico Rost idazlearen obra, zeinetan kontatzen baitu kontzentrazio esparru batean hiruzpalau preso elkartzen zirela Goethez mintzatzeko... eta, nonbait, horrek zituela bizirik atxiki. M-k, ordea, Goethe konprenitu beharrean, kohete konprenitu zuen. «A bai, egia, koheteak irudika bailezake ihesa, ez dea hala?». Ez zegoen batere oker, nonbait, gatibu haiek, ihes egin baitzuten handik, baina Goetheri esker, ez koheteari esker!
Artefaktua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu