Bira
Arrakasta
Euskaldunok ez dugu arrakasta maite. Itxura batean ez zaigu gustatzen, eta gustatzen zaienek ederto disimulatzen dute. Olatuaren gainean gaudenean lotsati egiten dugu barre, eta ez zaigu gustatzen maila intelektual baxua duten telebista edo irrati programetatik deitzerik. Aparretan dagoena beste bat denean, berriz, urperatu egiten dugu. Sortzaile, artista askori buruz entzun dut jendea txarto berbetan, eta konturatzen hasita, arrakastarik handiena dutenak dira. Nazkatuta nago entzuten ez dakit nor diruzalea dela, edo ez dakit zeinek ez zuela ez dakit zein itsasgarri jarri eskatu zitzaionean, edo halako New Yorketik etorri denetik ezin dela aguantatu, edo beste batek txoroarena egin duela telebista programa batean. Gure futbolariei edo pilotariei ez diegu diruzaleak direnik esaten, eta artistarik onenaren aldean, diru asko kobratzen dute. Erabil ditzagun antzerako kriterioak esparru guztietan. Eta New Yorketik, Pekindik, Bruselatik edo Paristik arrakastaz lepo etorri denari, lotsatuta begiratu behar genioke. Zenbat jenderi onartu diogu ona dela, etxetik kanpoko kritikariek hala onartu eta gero? Euskaldunok ez dugu beste euskaldunen arrakasta maite, eta pena da: hain gutxi izanda, elkarri gehiago lagundu behar genioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu