Kultura errepublikanokoa naiz baina auzo estatuetako buru koroatuen nondik norakoak interesatzen zaizkit. Ez hain aspaldi, sudurpera jauzi zait Annie Leibovitzek egin Espainiako Felipe eta Letiziaren argazkia, Madrileko banku zentraleko sarreran ageri dena. Bi zatitan egina da, argazkiaren erdian marra arina nabaritzen dela, erregea itotzen duen iluntasuna eta erregina troxatzen duen argitasuna azpimarratuz. Munduko argazkilaririk hoberenak, iragan otsailaren 7an gatibatu zituen bi pertsonaia horiek, bost orduko saio batean, 137.000 euroko saria eskuratuz. Ez da batere gaizki!
Gela handiegian galduak ematen dute eta argazki horretatik ateratzen den inpresioa, erreinu bukaera batena da, dudarik gabe. Felipe ez da kontzentratua eta Letiziak, bere Balentziaga jantzian, aktore baporos hutsa ematen du. Funtzio politikoaren halako irrealtasun bat bilatzen du argazkilariak, Hollywoodek kudeaturiko show baten partaideak bailiran, botere horrek askotan, hain zuzen ere, herritarra gabetzen eta bere hiritar duintasunaz desjabetzen ez balu bezala.