Astelehenero ezin da lehorteari buruz berbetan egon, eta atzo Elizabeth II.az aritu ginen. Aldizkaribaten azalean ikusi nuen argazkia, eta lan handirik egin gabe hil dela esan nuen. «Hark ere izango zituen bere ardurak», erantzun zidan nire ondokoak. Ezin hori ukatu, baina ardurak nork eta zergatik dituen ere begiratu egin behar da. Izan ere, monarkiaren oinarrian Jainkoaren nahia baino ez dago: hark aukeratu omen zuen duela ez dakit zenbat mende Ingalaterran zein familiak aginduko zuen. Hortik aurrera, gerrak eta abdikazioak izan dira tarteko, baina koroa gurasoengandik seme-alabengana joan da Charles III.aren burura iritsi arte. Amak baino pena handiagoa ematen didala esan nien; ez dela gozoa izango 74 urterekin lanean hastea. Barre egin genuen, baina adin horretan lanean jarraitzen duten hainbat emakumez inguratuta nengoen, eta XXI. mendean monarkia bizirik egotea injustua, lotsagarria eta onartezina dela pentsatu nuen berriz ere.
Haien arduren izenean guztiongan eragiten duten erabakiak hartzen dituzte, guztion dirutik jaten dute, guztiok onartzen ditugu haien luxu beteko bizitzak, guztion izenean joaten dira lehenago txikitu izan dituzten herrialdeetara. Eta hala ere, ez dute guztiotatik bat beraren boto zuzenik herriaren izenean jarduteko.
BIRA
Ardurak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu