Hitzorduari arrunt begira, bideari adi, heltzeko kontzentraturik, eskemak hausten dituen ardi-troparekin uztartu dut ene bidea, segur ere saroia urratzen baitu mendi-bide honek. Mundrun gainean, eskuineko hegian, bai ere ezkerrekoan, ardi ile moztu berriek tenorea dute orain eta hemen egoteko. Enetzat bezalaxe, funtsean. Hor gertatu gara, beraz, autoaren grisa eta ardien uzki gainaldeko urdin argiak, elkarri potka. Abiadura baraxturik ere, gelditu behar izan dut, bat hasten delarik gainerakoek ere preseski bide hori hartu behar baitute. Noizbait ere kausitu dudalarik haiek aitzinatzea, ene helmugak patarrean goiti tiratzen banau ere, gibel-mirailetik so egin diot gero eta gehiago ttipiagotzen ari den artaldeari, jarri nahian haien larruan: «Zer egitarau dute ote oraindik goiti?». Istantño batez, zinez erakargarria egin zait haien plana.
Zenbat ardi eta hari hain desberdin diren gurutzatzen; elkarren gibelaldean utzi dugu elkar, norbera bere bideari eta koloreari jarraikiz.
Milesker, irakurle, plazera izan da tiki-taka aritzea zuretzat. Nahi baduzu, buruilean elkartuko gara berriz ere hementxe.