Bira
Arau
Adiskide tabernariak askotan esaten dit jende eta jendarte behaketarako talaia onena berea dela: barraren atzealdea. Algaraka hartzen ditu kazetari, soziologo, antropologo, eta, batik bat, psikologoek gure espeziea ulertzeko egindako ahaleginak. Ahoberotzat jo dut beti, baina Leire Saralegiri eta Erruki Ezkurrari berripaper honetan egindako elkarrizketa irakurrita, arrazoia eman diot adiskideari. Iruñeko Iruñazarra ostatuko tabernariak dira Saralegi eta Ezkurra, eta, sanferminetan unibertsoaren lagin oso bat bihurtzen zaie lanlekua. Behatu ez ezik, jasan egin behar izaten dute giza aberea; baita beren gorputzean ere: kexu dira, esaterako, sexu erasoen lekuko eta jomuga izan direlako —bietako bati, adibidez, t-shirta hautsi zioten hilaren 7an—. Baina bereziki kexu dira Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak eraso horiek sanferminetako normalitatean kokatzen dituztelako, «araurik eza» bihurtu dutelako festa-produktua saltzeko marketin ikur. Baina, noski, araurik ezak badu araua: libre alboko neskari ipurdia ukitzea; ez, ordea, alboko gizonari kartera ebastea. Libre, zezenen aurrean arriskuaren adrenalinarekin jokatzea; ez, ordea, billabesaren aurrean barrearen endorfinekin jolastea. Saralegik eta Ezkurrak sumatu duten moduan, gizonkeria arau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu