Miren Amuriza.
BIRA

Ar, er, ir, or, ur

2017ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Euskara putzu sakon eta ilun bat zela zioten lehen. Lehen, zu beti «lehen» eta «lehen»; laztandu nazazu orain, ar, er, ir, or, ur urdinen artean. Zaude, eta entzun iezadazu zelan ur, or, ir, er, Arantzazu izan zuen gordeleku; euskal hots eta hitzen, triku-en eta sagarroi-en, erroi-en eta bele-en babesleku. Bai, badakit neuk ere zai, zoi, bele esaten, arma, tiro, pun; isiltzen banaiz, ez da hitzik ez dudalako. Ba, bertze jendek uste zuten ezin eskriba zaiteien. Bertzeak... ai, gure «batzuk»-ak eta «bertze»-ak! Batzuk herria maite, euskaraz ahantzi; bertzek euskara maite herria gaitzetsi... Bada garaia noizbait dezagun guda hori gal edo irabaz. Zeren, hemen, euskaraz ez dakienak, berak jakingo du zergatik ez dakien. Aizu, nik ez daukat kulparik ez banaiz abila; hau da hau makila, aditz klase pila, hitzak beste mila... esaten dute baina ez da hain fazila! Barka, lagunduko dizut nahi baduzu: do, re, mi, fa, sol, la, si, do; ¡bienvenida, bienvenido!; euskaraz «kabia» esaten da, gazteleraz, «nido». Eskerrik asko, shukraan. Mina nujal la ta keliu garabia Rabat ; arraroa litzateke, noski, arabiera gabe Rabat. Eta hau ere ez al litzateke arraroa? Euskararik gabe Nafarroa? Euskara da, izan ere, gure territorio libre bakarra; nire ama hizkuntza, zure hizkuntza alaba. Bagare, bagera, bagire, bagara nor ar, er, ir, or, ur urdinen artean: aurpegi biluziak herri hau sortzen, euskaratik eta euskaraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.