Mundua Gernikaz betea da. Hainbat lekutan bonba eta zartagailu sofistikatuak zerutik erortzen dira, euri ttanttak bailiran, bizidunak eta den mendreneko bizitza muskilak erauztera: Ukrainan, hondamendia bilakatu den Gazan, Kongon, Sudanen, Sirian… Donald Trumpen arima nahasiak sustatzen dituen gerla ekonomikoak larrutzen dituen eskualdeak ahantzi gabe. Planeta ez da sekula baketsua izan, are gutxiago gaurko egunean. Badirudi bake hitza laido edo irain bat baizik ez dela askoren ahotan...
Gernikaren 1937ko suntsiketa gogoratzen da apirilaren 26ko egunean. Ordukoz jada berri faltsuak bazebiltzan airean, Francoren armada nazionalistaren sarraskiak errepublikanoen bizkar jartze aldera. Oroitzen gara apirilaren 26 batez halaber, 1986an preseski, gertatu zela Txernobyleko laugarren erreaktorearen izugarriko istripu nuklearra. Garai hartan sobietar batasuna indarrean zegoen. Katastrofe horrek piztia gorria desegiteko bidean eman zuela komentatzen dute batzuek. Picasso handiak bizkitartean, XX. mendeko lehen masakre zibila irudikatu zuen. Arteak adi egotera deitzen gaitu... baina sobera maite dugu gerla!