Beldurrak zirtzikatu mundu batekoak gara: etorkizunak izutzen gaitu, progresio esponentzialaren ideiak abandonatu ditu hiritarrak eta badakigu jada gure ondorengoak ez direla gu bezain ongi biziko, nahiz eta guk ere hilabeteak ixteko zailtasunak ditugun. Ekologia eta ingurunearekiko albisteak latzak dira, diplomazia eta politika alorrekoak are kezkagarriagoak, eremu intimoa halaber, askotan, gerla zelai bat dela ahantzi gabe. Aplikazioak ireki orduko, hor ditugu berri txarrak —barkatu Gorka!—, gure kasuan euskararen egoera agonikoa aipatzen dutenak, uholde iragar ezin edota haur eta emezidio kronikak.
Antsia hazten duen informazioa irensten dugu bargoek gazura bezala, eta horrek psikologia mailako gaizki-izana sortzen du. Mugikorrak miauka hautematen ditugu eta berehala eri erakuslea, swip eta skrol artean, pantailetan lerratzen uzten dugu istorio batetik bestera. Informazio nekadurak joak gabiltza, depresioaren eta kalipu-eskasaren mugetan. Estresa elikatzen duen saturazio sentimendu batek lehertzen gaitu, sare sozialetan adibidez, labur adiktiboak hartzen ditugunean. Biziatu gara: zer egin orain?