Autoa aparkatzean, normala izatea nahiko nukeen paisaiaren lehen planoa ukan dut: josten ari den gizon ile luze nahasia bankuan jarria da, etxebizitza sozialen aitzinean, eskuineko orkatila, ezkerreko belaunaren gainean pausatua du. «Gibelerat jo beharko duzu, bestela hunkiko duzu ondoko autoa». Laguntza-eskaintza desinteresatua, eta gainera, euskaraz. Frankotan, gibel egiteak balio du hobeki aitzinatzeko.
Distantzia hartuz, ohartuko zara badela anomaliaren sare ikusezin bat, zeinak harrapatzen baitu Arberatze-Zilhekoa osoa, eta euskaraz mintzo baita.
Oren batzuk lehenago, lau hankatan, pikotxa eskuan lurra ikertzen ari izan den arkeologoa, ari da orain ganibetaz tipula xehatzen, dabantala soinean, 400 laguntzaileren apairuendako.
Normaltzat daukagun eguneroko anormala arrasatzen du EHZk, gurin solido amorfoa urtzean bezala, denak hein berean gauzka; berdinduak, balore baliosek txirikordaturik. Eta, hiztun osoa osoki ari daiteke bere lengoaian, funtzio guziak betez: garrantzitsuak, ezdeusak, presazkoak, praktikoak... Neholako beharrik ukan gabe norberak bere buruaren zuritzeko.