Bira
Amodioa
Gaztelaniaren hurbiltasunak ekarriko zion euskarari gauza onik, baina euskaldunon harremanetan eragin eskasa izan dute erdarakadek. Euskaldunok berbakoak izateko fama daukagu, baina sexu kontuetan estereotipo latzak eraiki dizkigute: kosta egiten zaigu sentimenduak azaltzea, Euskal Herrian ez da ligatzen… ez dut esango hori hala ez denik, baina gaztelaniak badauka errua horretan. Ez dakit historiako zein momentutan, eta nork erabakita, baina egun batean, gaztelaniaren eragin garbiz, larrutan egiteari sinonimo poetikoa asmatu genion: amodioa egin. Baditut lagunak halakorekin eta bestelakorekin amodioa egin dutela kontatzen didatenak, baina nik nahiago dut halako beharlekurik ez hartu. Izan ere, amodioa gaizki edo ondo, eginda dago. Aspaldiko kontua da. Asko jota, harremanak ondo ateratzen direnean edo pasioak denboran irauten duenean, amodioa berrasmatu egingo dut izara artean lantzean behin, baina gainontzean oso sinplea naiz. Nahiko konplikatua da berez aurrean biluzik duguna ulertzea, mugimenduak sinkronizatzea, gustatzen zaiguna zer den esplikatzea, bera gu bezain gustura sentiaraztea etagaurkoa amaitu eta gero biok zer nahi dugun definitzea, gainetik amodioa ere egin behar izateko. Barkatuko didazue, baina larrua jotzea askoz errazagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu