Minbizidun haurren guraso elkarte batek atxikimendu bilketa abiatu du sarean RAEri eskari bat egiteko: «huérfilo» berba (euskaraz amazurtz edo aitazurtz) hiztegian sartzea, hartara, seme edo alabaren bat galdu duen gurasoa izendatu ahal izateko. Elkarteko kideek diotenez, mina apalduko ez badie ere, izendapenak beren hutsunea jendarteratzen lagunduko lieke eta ez lukete aldiro-aldiro azalpenak ematen ibili beharko; nahikoa izango lukete ama edo aitazurtzak direla esatearekin.
Gaztelania bezalatsu frantsesa, ingelesa edota euskara ere: nahiz eta bikotea edo gurasoak galdu dituenari erreferentzia egiteko terminoak ohikoak izan (alargun eta umezurtz), seme-alaben galera adierazteko hitzak falta dituzte. Nik neuk, inguruan kasu bat baino gehiago ezagutu arren, egundo ez dut inor amazurtz edo aitazurtz erabiltzen entzun. Idatziz topatu izan ditut behin edo behin (esperientzia horri loturiko artikulu edo blogetan), ordea, Euskaltzaindiaren Orotarikoan, esaterako, ez dira agertzen. Esanguratsua, inondik ere, gure hiztegietako zuriune, isilune, minbera hori. Logela huts bat baita heriotza, egurasten, deskribatzen, epeltzen, habitatzen zaila; norbere alaba edo semeren batena denean, ia ezinezkoa. Eta berba bat gauza txikia da, txiki-txikia, eskuko ispilutxo bat logelako mesanotxearen gainean, dolua igaro behar duen gurasoaren lagungarri.
BIRA
Aitazurtz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu