Ez ginen aberatsak —oro har, ez behintzat, hedabideek ispilatzen dizkiguten horiek adinakoak—, baina asko falta genuen pobre izateko. Aspertzeraino izan dugu jan-edana: gutiziak eguneroko ogi. Errazagoa zitzaigun beroki berria erostea orain bi hilabetekoari askatutako botoia jostea baino. Autobusa balitz bezala hartu dugu hegazkina, eta Aste Santuak Kanarietan —edo Punta Canan— pasatzea ohiturazko bihurtu. Kiroldegi izeneko luxuzko bainuetxeekin bete ditugu gure herriak; laket portuekin itsas bazterrak. Hainbeste gauzaren jabe egin gara, eze guztiak sartzeko ehun metro koadrotik gorako etxeak ezinbesteko egin zaizkigun lau laguneko familiarentzat. Noranahiko autoak, edozertarako pantailak... eta beti berria aukeran, hobea amets.
Baina, agidanez, bukatu da festa. Ez dugu hainbeste falta pobre izateko. Caritasera laguntza eske joaten dela entzun diot trenean alboko neskari: euskara ederrean ari da, neuk bezain zuria du azala, neure antzekoak janzkera, orrazkera eta hitz egiteko moldea. Ezusteko langabeziak eta gehiegizko hipotekak alabarentzako otorduak ezin osatuta laga ei dute, di-da batean, ohartzerako. Hotzikara sentitu dut.
Garai beltzak inondik ere, agintariak asaldatzerainokoak. Pentsa, ahots larriz egin dute salaketa: AHTa atzeratuko dela, 2017 arte.
Bira
AHTa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu