Kirola jarraitzen dut: futbola, alabarekin bizi nintzenean —loriatzen ginen Lizarazurekin batera Frantziako taldea zirikatzen—, pilota —baina ez dakit ez ote den Abel Barriolak beti baiesten dituen Euzkitzeren komentarioengatik—, eta ziklismoa bistan dena, uztaileko arratsaldeetan, siestaren tenorean, biziki lagungarria delako. Izparringi honetan bertan, Igor Arrieta kirolari gazteak, UAE ekipoan, bere bigarren sasoia hasiko duela irakurri dut: zorte handia opatzen diot. Pogaçarren lankide dela konturatzean, gogoratu naiz hiriotako afixa-paneletan, Unesco erakundeak zirkulazio-istripuez ohartarazteko kanpaina batean Tadej agertzen dela: «Ziklistak errespetatzen ditut» dio, eta irri isil bat askatu dut nirekiko!
Ongi da oinezkoei eta ziklistei kasu egitea tanke antzeko autoak gidatzen ditugunean, abiadura handian, edanak eta irina ausarki esnifatu ondoren. Haatik, Tadej Pogaçarrek ez ditu bere lehiakideak asko errespetatzen Tourreko patarretan, lau pedalkadaz makadamari itsatsita geldoan abandonatzen dituelarik... hori bai, nehor lehertu gabe!