Ez dakit gure memoriak toperik daukan, baina batzuetan pentsatzen dut ez zaidala ezer berririk kabituko lehendik gordeta daukadana atera ezik. Eta pentsatzen dut polita izango litzatekeela halako parrandaren batean egindako erridikulu hura ahaztea. Ez dut sentsazio hori gordeta ezer irabazten. Gustatuko litzaidake ezetz esan zidaten haiek ere ahatz dezatela inoiz ezer proposatu nienik. Izan ere, orain, haiekin ardo bat hartzen dudan aldiro pentsatzen dut ea gogoratuko ote diren ordukoaz: eta torpeegia izan nintzela pentsatzeak lotsa ematen dit. Ilusioa egingo lidake sinisteak haserretu ginenean esan nizkion hitz itsusi haiek ez dizkidala gordetzen. Eta nik ere ahaztu egin nahi nituzke sekula berriro ez esateko. Ahaztu nahi nuke halako lanean sartu, eta gaizki pasatu nuen aldi hura. Ez dut ezertarako behar neke haren oroitzapena; ezagutu nituen pertsonak gordeta nahikoa da. Pozik ahaztuko nituzke errepidean pasatako orduak, haietako askok ez bainaute inora eraman. Ez nuke gehiago sentitu nahi betirako joan dela esan zidatenean sentitu nuena. Ez dut joandako inor ahaztu nahi, baina urdailaren zati bat eskuz ateratzen ari zaizkizun sentsazio hori bai.
Gauza asko ahaztu nahi nituzke, eta, hala ere, heriotzak baino beldur handiagoa ematen dit memoria guztiz galtzeak.
BIRA
Ahaztea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu