Ardura madarikatua hartzera behartu zutenetik, estresak jota bizi da emakumea. Ordutegi malgua izango omen zuen trukean. Baita zera ere. Josteko makina dirudi geroztik, zarata batean beti, abiadura eroan doan orratzaren antzean, harantz eta honantz. Eguneko puskak nekez lotzeko, ordea.
Gaur ere tximistan, bere azken errekorra onduz heldu da lantokitik eskolara, haurren bila. Zazpi minutu berandu dena den, eta gosea berdintzeko ezer ekartzea ahaztuta. Tripa zorrien erruz pizti marmarti bilakaturik, oldarka hartu dute haurrek, gaizki esaka, eta are gehiago estutu da ama. Baina premiak ez du barkatzen. Ume matxinoak autoan pusaka sartu eta barreneraino sakatu du azeleragailua, etxeko dilista platerkadaren promesean.
Eskola alboko parketik pasatzean, ordea, uso bat harrapatu du nahi gabe, hura errepide erdian mokoka ikusi, eta moteldu beharrean, bizitu egin baitu martxa. Hegaldatuko zelakoan. Atzeko ispilutik begira, talkan hil duena ikusi du lehenik, errepidean zerraldo. Begirada autora itzulirik, haurretako bat negarrez ari dela konturatu da gero. «Kakati horrengatik ari al zara?», galdetu dio errukituta. Hura isilik, besteak hartu du hitza: «Ez, zuregatik ari da, hiltzailea zarelako».
Dimititu egin nahiko luke amak. Lantokian eta etxean.
BIRA
Abiadura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu