Onintza Enbeita
BIRA

365

2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Euskarak 365 egun dituela aldarrikatzen genuen duela ez horrenbeste urte. Egunero behar genuen euskara eta egunero behar gintuen euskarak. Kontua da, baina, euskarak egun bakarra duela askorentzat: gaurkoa. Gure osasun sistema publikoan ez dira gehienak euskaraz artatuko gaituzten profesionalak. Askotan, kasu larri eta deserosoetan, gaztelaniaz esplikatu behar izan dugu geure intimitatea. Epaiketa txikienean, notarioarengana goazenean, geurea omen den poliziak kontrolean geratzen gaituenean, kultura programatzen dugunean, taberna askotara goazenean, trenean sartzen garenean... azalpenak gaztelaniaz ematera derrigortzen gaituzte.

Eta ez. Ez dit balio esateak guri berdin digula hizkuntza biak dakizkigulako. Guk ere hizkuntza bakarra jaso dugu etxean eta besteak ikasi egin behar izan ditugu. Eta ez. Ez da egia euskara zaila denik: gure aita ez zen eskolara joan eta ederto egiten du euskaraz, akats gramatikalik gabe. Euskaraz ez dakien batentzat «bihar, 14:00etan bigarren solairuan», edo «aparkatu kotxea hor eskubian», edo «hiru euro eta hamar zentimo» euskaraz esatea bezain zaila da niretzat bihotzerrea dudala gaztelaniaz esplikatzea, edo aspaldian zera lehorrago igartzen dudala kontatzea. Guri ere asko kostatzen zaigu 365 egunetan geurea ez den hizkuntza batean hitz egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.