Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan ez da kolosala hitzaren arrastorik: ez kolosal, ez koloso. Harluxet hiztegi entziklopedikoan ere ez da ageri kolosal hitza, baina bai koloso: «iz. tamaina naturala baino askoz handiagoa duen estatua». Eskulturaz ari da, ez geopolitikaz. Elhuyar hiztegian, aldiz, kolosal euskara da, baina eskulturentzat bakarrik balio du. Gaztelerazko colosal hitzari, estatua erraldoiez ari ez garenean, beste ordain hauek ematen dizkio: eskerga, itzel, ikaragarri, izugarri, sekulako, berebiziko. Eskerga, itzela, ikaragarria, izugarria, sekulakoa eta berebizikoa izan al zen atzoko manifestazioa? Ez da galdera erretorikoa, galdera-galdera baizik, manifestazioa baino ordu batzuk lehenago idatzitakoak baitira lerro hauek; milaka kilometroko distantziatik, gainera.
Garai batean Mariano Ferrer kazetariak zenbatu egiten zituen manifestatzaileak. Gaur egun baino manifestazio gehiagoko eta batez beste jendetsuagoko garaiak ziren. Manifestatzaile kopurua, nabarmen, puztu egiten zen. Ehun milatik behera biltzen zituena ez zen ezer. Zorroztasuna gogoan etakronometroa eskuan, manifestazioak neurtu egiten zituen azken batean: lerro bakoitzean batez beste zenbat lagun zihoazen zenbatu, puntu jakin batetik minutuko zenbat lerro pasatzen ziren kalkulatu, manifestazioburua puntu jakin horretatik pasatu zenetik azken lerroa pasatu arte zenbat denbora igaro zen kronometatu, biderketak egin, eta kito. Ehun milatik oso behera, beti.
Baina zenbaketa sistemak ez du beti funtzionatzen. Esate baterako, Egunkaria itxi ondorengo manifestazioan, 2003ko otsailean. Miramarko tunelaren ondorengo puntu batean geldi zaitezke, lerro bakoitzean zenbat jende doan konta zenezake, minutuko zenbat lerro pasatzen den zenbatu, burutik buztanerainoko minutuak kronometatu... baina manifestazioak gainezka egiten badu, manifestatzaile ugarik ibilbideko kaleetan barrena joan beharrean aldameneko kale paraleloetan egiten badute bidea, akabo kontuak. Beraz, kabitu al zineten Bilboko kaleetan?
Hemen, Estatu Batuetako Mendebaldean, San Frantzisko inguruan batik bat, The Big One esaten diote noizbait iritsiko omen den lurrikara handiari. The Colossal One esan ziezaioketen, ingelesez ere kolosala baita ohiz kanpoko tamaina duena. Lurrikaratik zerbait izan du Bilbokoak, baita manifestazioa bera egin aurretik ere, sare sozialetan bai behinik behin: mugimendu sismikoen eran, epizentrotik urruti ere sentitu da dardara. Manifestazioa The Big One izan bada, Moncloako jauregiraino ere iritsiko ziren uhinak.
Euskaltzaindiak lanean jarraitzen du. Hiztegi Batuaren lehen zerrenda zehaztu zuten, A-tik Z-ra, eta bigarren itzulian lanean ari da orain Hiztegi Batuaren batzordea, aurreneko bueltan hiztegian sartu ez zituzten hitzei buruzko erabakiak hartzen. G letrari buruzko ebazpenak argitaratu zituztenez azkenekoz, laster etorriko dira K letrarekin hasten diren hitzei buruzko erabakiak.
Proposamena: hartu kontuan atzokoa. Sartu kolosala Hiztegi Batuaren zerrendan eta, eskulturen tamaina handiari buruzko adieraren aldamenean, jarri beste hau, adibidez: «izond. Ohikoa dena baino askoz jende gehiago bildu duelako gainezka egiten duena». Eta behin horretara jarrita, onartu koloso ere: «iz. manifestazio eskerga, itzela, ikaragarria, izugarria, sekulakoa eta berebizikoa. [Adibidez] Bilboko kolosoak politiko presoak eta preso politikoak askatzen lagundu zuen».
Handik eta hemendik
Bilboko kolosoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu