Ordena nagusiaren aurkako mugimendu sozialen berezitasunetako bat zuzen eta erregularki ez garatzea da. Hilabete oso bat pasatuta, oraindik ere funtsezko arazo bati aurre egin ezinik dago, F. Rufin eta haren Fakir kazetak hasitako mugimendua: nola lortu mugimendu zabal eta dinamiko bat gobernuaren politika ekonomikoaren aurka eta ezkerreko alternatiba baten hasiera ematea alderdi sozialistatik at.
Horretarako, F. Rufinek eta F. Lordon ekonomistek Gaua Zutik mugimenduari hasieratik eskatu diote mugimendu sindikalarekin batzea; batez ere, CGTrekin.
Gaua Zutik dinamika ezberdinen emaitza dela ikus genezake. Alde batetik, haserre orokor baten emaitza da; eta bestetik, gogo batena. Parisko Errepublikan bildu den jendeak, politika egiteko gogoa du, baina politika ez-konbentzionala. Hori aise nabari da, hara biltzen den ororentzat. Baina, aise nabari da helburu finkorik gabeko mugimendu politiko bat izan dela ere orain arte. Eta askok, nora ez hori politika egiteko bestelako molde berriztatzailetzat aldarrikatu dute.
Plurala eta horizontaltasun politiko horrekin ados egon arren, badirudi F. Rufin, F. Lordon eta S. Halimiren nahikeria ez dela bete. Borroka ezberdinen bateratzearen aldeko mozioa atzera bota zuen joan den astean batzarrak. Era berean, aurreko asteetan egin diren manifestaldi sindikaletan ez da arrangura berezirik sumatu, sindikalisten artean Zutik Gauarekiko. Bateratze hori ez da gauzatu nahiz eta CGTko idazkari nagusiak plazara hurbiltzeko engaiamendua hartu duen.
Elkar gurutzatze hori eman ez arren, Zutik Gauak ugaldu egin dira frantses estatuan barna, salbuespen egoera politika eta polizia eginkizunak tentsio asko sortu arren. Erran genezake orain bai Zutik Gaua eta bai sindikalismo frantsesa bidegurutze batean daudela eta beraien kultura politikotik at joan beharko direla batu egin nahi badute, eta beraien mugimenduak indartu nahi badituzte.
Sindikalismoaren aldetik, argi dago bere korporatibismotik at joan beharko duela, eta hor du azken hamarkadetako erronkarik handiena, 1968tik hori gainditu ezinean dabilelako. Horretan, CGTk erantzukizun handia du, beste sindikatuak ez baitira mugituko eta UNEFek onartu baititu gobernuaren azken proposamenak. Bestalde, Zutik Gauaren aldetik, helbururik ezak eta antolakuntza horizontalek asko murrizten dute bateratzeko gaitasunean.
Batzarretako kide askok Parisen diote horizontaltasun hori dela mugimenduaren muina eta bestelako politika edo gerorako politika molde berriak hortik sortuko direla. Baina, atzerriko esperientziek erakutsi duten bezala, Occupy Wall Streeten kasua da esanguratsuena, haserretik baina haratago joateko, antolakundearen arazoari erantzun beharko zaio, eta helburuaren auziari lotu. Hau da, momentu batean, sistemaren botere faktikoei aurre egiteko moldea eta helburua finkatu beharko dira, estrategia eta taktika baten bidez. Grezian Syrizak bete du egiteko hori, eta Espainian Podemosek, hegemonia instituzionalaren borrokari lotuz.
Azkenik, lehentasunak erabaki beharko ditu ahalik eta azkarren: El Khomri legearen aurkako borrokan sartu buru-belarri eta sindikatuen hegemonian urtu edo mugimendu politiko berri gisa eratu bere modu berriekin. Eta, hor, ezkerraren arranguretatik at, funtsezko galdera bati erantzun beharko dio: nola hurbilarazi langileria eta etorkin jatorrizko populazioaren parte herrikoienak, horiek falta baitira Errepublika plazan, orain arte eraman izan diren esperientziak Parisko auzoetan porrot egin baitute hurbiltze saiakera horietan.
Bidegurutzean, erantzunen bila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu