Bidegorriak eta lasterkariak

2015eko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Hiri bat, edozein hiri, gure kasuan Donostia, errealitate konplexua da; hainbat errealitate batzen dira, eta haien artean oreka bat bilatu behar da. Hori bereziki nabaria da hiriko mugikortasunaren arloan, hor bateratu egin behar baitira auto, moto, kamioi, autobus nahiz bizikleta erabiltzaileen, oinezkoen... beharrak eta nahiak.

Oreka konplexu hori lortzeko giltza, hain zuzen, bizikidetza da. Hiriak dituen mugikortasun moduetako bakoitzaren berezitasuna aintzat hartzean eta horiek guztiak elkarrekin izatea ahalbidetzen duten arauak errespetatzean oinarritutako bizikidetza.

Adibide garbienetako bat da Donostiak duen bidegorri sare zabala bera. Gizartearentzat oso baliotsua den aktibo bat da, eta etorkizunean are gehiago zabaldu asmo dugu. Sare horren erabilerari dagokionez, kudeaketak premisa hau du oinarri: bidegorriak dira gizartean gero eta garrantzi handiagoa duen garraiobide bat —bizikleta— txirrindularientzat eta gainerako herritarrentzat segurtasun baldintza onetan bideratzeko azpiegiturarik egokiena. Erabiltzailearen segurtasuneko eta zirkulazioaren arintasuneko egoera hori bermatzea gure betebeharra da, garraio sarearen kudeatzaile garenez. Hori da Donostian bidegorri sarea kudeatzeko erabiltzen den irizpidea.

Jarduteko modu hori, jakina, ez da Donostian soilik baliatzen. Gai horretan eredutzat hartzen diren herrialdeetako edozeinetara begiratuz gero, hala nola Herbehereetara edota Danimarkara, haietako batean ere ez dago baimenduta lasterkariek bidegorriak erabiltzerik, filosofia eta segurtasun arrazoiak direla eta. Herrialde haietako bidegorriek, duten zabalera aintzat hartuta, Donostian baino errazago bideratu ahalko lukete bestelako erabiltzaileekiko bizikidetza, hala nola lasterkariekikoa, baina hala eta guztiz ere ez da onartzen halako bizikidetzarik. Eta sendoak dira horretarako arrazoiak.

Ez da ahaztu behar ezen, bidegorriak bi talde horiek —lasterkariek eta txirrindulariek— erabiltzea baimenduko balitz, arrisku egoerak sortuko liratekeela: behin baino gehiagotan ikusten dira belarrietan entzungailuak daramatzaten lasterkariak, inguruko egoeratik isolatuak; gerta daiteke lasterkariak alboetarantz mugitzea, ohikoa da lasterkariak binaka edo taldean joatea, eta abar. Txirrindularientzat zaila da lasterkari horiek aurreratzea, eta lasterkarientzat ez da oso segurua, bizikletetako elementu zurrunen, metalezkoen kolpea jasotzeko arriskua baitute. Era berean, bi bizikleta eta lasterkari bat gurutzatzean, arriskua handitzen da. Aurreko kasu horietan guztietan, txirrindulariek abiadura moteldu behar izaten dute, lasterkaria arriskuan ez jartzeko.

Donostian, azkenaldian ugaritu egin da lasterkarien kopurua, bai eta txirrindulariena ere; beraz, uste dugu ez dela egokia ordenantza aldatzea, biek espazio bera, bidegorria, parteka dezaten. Izan ere, bidegorria txirrindularien zirkulazioa bakarrik jasotzeko dago diseinatuta. Alde horretatik, gogoan izan beharrekoa da lasterkariek toki sorta zabalagoa dutela aukeran, beren kirol gogokoenean aritzeko, txirrindulariek hirian zehar ibiltzeko dutena baino.

Azkenik, eta gogoeta horiek bukatze aldera, berriz aipatuko dugu hasierako ideia: gune publikoan erabiltzaile guztiak egoki hartzea bilatzen dugu, guztien arteko bizikidetza albait hoberena izan dadin. Horrexegatik ezarri dira arau batzuk, dagozkion ordenantzan jasoak, guztien ona lortu nahirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.