martxelo otamendi
Enbaxada bila

Bidegileen Nazioarteko Batzarra

2013ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Garai zailetan, ekintzaile eta eragileen esku egon da gure herrietako politika, hizkuntza eta kulturaren aldeko lana.

Gizartearen gehiengoazegoenarekin konformatuta—etsita ere bai askotan— zegoela ikusi, eta arrisku handiak hartu zituzten. Zenbaitetan markatuta sentitu, arazoak lantegian, familian ere bai batzuetan, atxiloketak, jipoiak, isunak, deserriratzeak, estigmatizazioak... hori eta gehiago etor zekiekeela jakin eta, hala ere, segi lanean. «Nork esan dizu zuri horrelako arazoetan sartzeko?», eta antzeko galderak izan dira askotan gertukoengandik hartzen zituzten zeharkako gomendioak.

Haiek gabe, nekez egingo zuketen aurrera gure herriek; gure hizkuntza eta kultura desagerrarazteko ahaleginari aurre egin, eta ia bitartekorik gabe berreskurapenaren zutarriak jarri zituzten. Ondo edo gaizki egon gaitezke orain—normalean, galdera zein funtzionariori egiten diozun, horren arabera jasoko duzu erantzuna—; zenbat eta gorago egon funtzionarioa administrazioaren hierarkian, orduan eta balorazio baikorragoa emango dizu. Baina ondo eta gaizki eztabaida horretan, denok bat etorriko gara haiek gabe, bidegile haiek gabe, askoz okerrago egongo ginatekeela.

Onartu eta eskertu al diegu, merezi bezala, egindakoa? Nahiz omenarengatik ez zuten egin, ez dago gaizki aitortzea.

Orain, guri dagokigu bukatu gabeko lana segitzea, aurrekoek garbitu eta leundu ziguten errepide beretik segitzea, haiek desiratu zuten herri aske, euskaldun, moderno eta solidariora iristea.

Asteon Joxan Lizarribar hil zaigu, BERRIA taldeko lehendakaria, Herrialde Katalanak bere beste aberritzat hartzen zituen pertsona eredugarria. Katalan jator askoren laguna. Zuenetik joandakoekin batzartuko da, Bidegileen Nazioarteko Batzarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.