lander garro
UDA BETIKO BALITZ

Bidaia bat etorkizunera

2016ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Higadura ez dela sekula agortzen diosku JP Lohian musikariak, ez dela hezurrak miazkatzeaz nekatzen. Hitzok nahiko abstraktuak izanagatik, heriotzaz ari dela iruditzen zait, galeraren ideiaz. Bizitzak hezurrak haragiz eta biziz hornitzen dizkigun bezala, ezinbestean, heriotza dator odol eske, eta hezurrak miazkatu arte uzten gaitu agorturik. Ez dakit baden euskal poetarik galeraren ideia horren labur eta horren egoki azaldu duenik. JP Lohian musikaria da, paperaren gainean behintzat, baina nire belarrientzako poeta ere bada. Gustu kontuak.

Uda ere fini da honebestez, edo udari buruz guk daukagun ideia. Amaitu dira auto ilarak, hondartza egun jendetsuak eta, eguzkia: Agur agorrila!

El Dúo Dinamicoren El final del verano etorri zait gogora, eta nire seme P-ri lokartzeko tenorean, sakelakoan jarri diot, txantxetan edo. Lehen segundotik harrapatu du, ordea, kanta eder guztiek entzulea harrapatzeko daukaten ahalmen liluragarriaz. Irri erdi bat egin du, «aspaldiko» kantua delako, eta dagoeneko hasi garelako belaunaldien arteko betiereko borrokan, eta nik proposatzen diodan oro zaharregia iruditzen zaiolako. Ez du gustatzen zaionik aitortu nahi (sumatzen zaio) baina, badaezpada, isilik iraun du, badakielako kexuka hasten bada gailendu egingo dela, eta kantua kenduko dudala. Eta ez du nahi. «Pero se, que en mis brazos, yo, te tuve ayer», dio bikote dinamikoak, eta P-k eskuaz nire begiak estali ditu, bere hunkidura mozorrotzeko. Dozenaka bider jarri izan dizkiot neure nazio ikuspegiarekin bat datozen kantuak, haren arima moldagarria nire gustura bihurritzeko, baina inoiz ez dut arrakastarik lortu. Gogaitu besterik ez dut egin. Eta hara non, inoiz geure imaginario kolektibokotzat aitortuko ez nukeen kantu txoro eta kasposo honek hitzik gabe utzi duen, itsasoaren kresal usaineko haizeak horditurik bezala. Zer dauka kantuak? Galdetu dut neure artean. Badu melodia eder bat, ahotsen joko efektibo bat ere bai. Baina badu, batez ere, ideia unibertsala, JP Lohianek bere erara eta hauek berera defendatzen dutena: daukaguna galtzeko izu malenkoniatsua.

Bitxia da, ideia hortero batetik etorri da dena: udaren despedida, haurtzaroko oroitzapenak, Verano azul, Chanquete, Julia... baina, oharkabean, badakit denboran iraungo duela une honek, hau da, bere etorzizunean ari garela bidaia bat egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.