Oldeka egin zenuen negar Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas filma ikusi zenuenean, Maialen Lujanbioren bertsoek zirraratu zintuztenean Irunen nahiz aurrenekoz irakurri zenuenean Mari-mutil handi baten bluesa —sinesgaitza zaizu oraindik Leslie Feinbergek liburu hau zu jaio eta urtebetera idatzi izana— .
Iskin egin zenien haurdun zeundelarik beste ezer baino lehen neska ala mutila ote zen galdetzen zizutenei; erditu ondoren ere haurra kalean ikusi eta galdera berarekin tematzen zirenei. Jantzi diozu oinordetutako arropa, eta nahita gelditu zara isilik norbait genero-markaz nahasi den aldiro. Grazia egin dizu egoerak. Onartzea kosta arren, guraso gisa harrotasun puntu bat sentitu duzu barru-barruan. Inoizko argien ulertzen ari zara zenbateraino den generoa eraikia. Zenbateraino den binomiala gure begirada.
Lehenago, behin baino gehiagotan entzun izan duzu «gorputz okerrean» jaio zirenei buruzko errelatoa. Gero eta gehiagotan ikusten dituzu kalean Naizenen koloretako kamisetak ere. Antza denez, gizarteari onargarrixeago zaizkio trantsizioak ume gorputzean. Onargarrixeago zaio bide jakin bat, izateko modu zehatz bat. Mutur batetik beste muturrera igarotzea; kaxoi batetik bestera pasatu eta bertan giltzapetzea betirako. Ditxosozko passinga lortzea ahalik eta azkarren. Ez dadila ezer nabaritu.
Deseroso zaude, haatik, aurrean neska edo mutila den igarri ezin duzun norbait daukazunean. Ez zenuke nahi, baina traba egiten dizu anbiguotasunak. Bere presentziak zurea kuestionatzen duelako, per se. Deseroso zaude, emakume arrazializatuek interpelatzen zaituztenean bezain. Deseroso entzun zenuen Lier Balantzategi Errasti ere egiak zarra-zarra botatzen, #GorputzenBurujabetza Trans borrokaren aldeko geltoki bat izeneko podcastean.
Zu ez zara TERFa, inondik ere. Asmo onenez ari zara —ia beti—. Eta hala ere. Jarrera, pentsaera eta jokabide transfoboak dituzula onartzea dagokizu; murtxikatzea, irenstea eta digeritzea. Balantzategik zuzenean galdetzen dizu prest ote zauden zure zistasuna auzitan jartzeko. Berak azaltzen duenez, badagoelako jende bat erabaki dezakeena, potentzialitatea daukana apurtzeko eta deserosoa izateko eta, beraz, ardura hartzea dagokiona. Hain zuzen ere, badagoelako beste jende bat erabaki ezin dezakeena, bere existentzia bera inkomodoa delako jada.
Behin honetara ezkero, badakizu zu zer jende zaren. Zeinen erosoa izan daitekeen araua, azpiratzen duzun norbaitek atzamar erakusleaz seinalatzen dizun arte. Eta astea joan eta astea etorri, Balantzategiri entzundakoei bueltaka jarraitzen duzu.