BI TARTE

Zer (eta zenbat) eskatzen zaigun

Ane Labaka Mayoz, Mariñe Arbeo Astigarraga
2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Dozena bat osatzen dute, oraingoz, Lisipe saiakera-bildumako aleek. Jule Goikoetxea editoreak azaltzen duenez, Afrikako esaera zahar batek dio lehoiek hitz egiten ikasten ez duten arte, historia ehiztariek idazten jarraituko dutela. Hain zuzen ere, horixe da sail feminista honen helburua: lehoiek hitza hartzea. Betiere, «ahaztu gabe emakumeok ehiztariak baino bi aldiz azkarragoak izan behar dugula, ehiztariek lortzen dutenaren erdia lortzeko».

Orain arteko liburuak begi-zabalik eta arkatza eskuan irakurri ditut, nahiz eta, egiari zor, nigan batzuek besteek baino jakin-min handiagoa sortu. Argitaratu berritan irentsi ditut hauetako zenbait, hasi eta buka; beste zenbaiti, aldiz, tarte luzexeagoa utzi diet apalategian hautsezta zitezen. Gaiei erreparatuta gertuagoko zein urrutiagoko sentitu ditudan arren, argigarriak egin zaizkit liburu batzuetatik besteetarako hari ikusezinak.

Leire Milikua Larramendik ondutako Lur gainean, itzal azpian irakurri dut azkena, emakume nekazarien parte hartzeari buruzkoa. Zer pentsatua ematen du ustez arrotz samarra zaizun mundu bateko ahotsetan zure hitzak izan zitezkeenak topatzeak.

Honako hau aipatzen du, besteak beste, Milikuak, Iratxe Arriolaren hitzak bere eginez: «Gaur egungo emakume nekazariek beren lana biderkatu behar dute hitzaldiak emateko, mobilizazioetan parte hartzeko eta esperientziak partekatzeko, hain zuzen ere, beren lanaren eta bizitzeko moduaren biziraupenaren alde borrokatzeko». Horra, beste behin ere, lehoion lan biderkatua.

Sabanan barneratzen hasi orduko sinetsarazi zidaten niri ere nire adin bertsuko mutil bertsolariek baino aukera gehiago nituela neska izate hutsagatik. Handik gutxira ulertu nuen ezetz, gezurra zela. Lur haietan jarraitzekotan, beharrezkoa zitzaigun gure presentziak sortzen zituen kriki-krakak identifikatzea —ez da kasualitatea zenbat emakumek baliatu izan ditugun unibertsitateko ikerlanak honetarako—, eta, batez ere, elkarrengana arrimatzea. Kolektibizatzea eta kolektibotzea. Hau guztia —ere— egin behar izan genuen bertso eskolako mutilak errimak lantzen eta doinu berriak ikasten ari ziren bitartean.

Duela ez asko, hizketan jardun genuen jendaurrean teorizatzeko daukagun beharraz eta exijentziaz. Diskurtsiboki biluzik agertu ohi gara maiz oholtzan; gizonek ez dute zertan zenbait gairi buruz pentsatzen dutena aletu. Horren da zorrotza gure gaineko lupa, ezen ehiztariek plazer hartzen baitute gure kontraesanik txikiena seinalatzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.