«Gu gara bakarrak… Konturatu zara?», bota zidan zapla komuneko ateari eusten ziola. Asteazken buruzuria zen, osteguna bestela. Afal garaia, Gipuzkoaren muin-muinean. Begia keinatu nion lagunari galtzak izterretan gora igo bitartean. Jakina, ordurako ni ere ohartuta nengoen gure salbuespentasunaz —lepoa egingo nuke gurekin zeuden gainerakoak ezetz—. Geroago, beste bi andre topatu genituen upelen artean saltsan.
Idatz nezakeen larunbat eguerdiz sekula gehiago sagardotegirik ez zapaltzeko erabakia hartzera eraman ninduten arrazoiez. Idatz nezakeen tabernetako desfase-giroaz, eta giro lanbro horrek zenbaiti dakarkion inpunitateaz. Idatz nezakeen urtean behingo parrandara zezenen trazan jo eta hautsi egitera irteten diren aita-kuadrillez. Idatz nezakeen Hernaniko mugimendu feministaren ezinbesteko lanaz.
Sagardo denboraldiaren hasierak, ordea, bestelako gogoetak dakarzkit azken urteotan. Han-hemenka topatzen ditut sagardotegietako irekiera-festak iragartzen dituzten kartelak eta, oro har, ez didate bertaratzeko irrika izpirik pizten. Aurtengo bat, bereziki, ez joateko gonbidapena iruditu zait joatekoa bainoago. Horratx protagonistak: espainiar kateetan kosta ahala kosta bere lekutxoa egin nahian ari den telebista-aurkezle ilehoria, futboleko bi atezain —bata Real Madrilekoa— eta koktela egoki osatzeko gure folklorearen hiru adar totemikoak: dantzari bat aurreskua dantzatzen, trikitilariak eta bertsolariak. Hain zuzen, deigarria egiten zait nahas-mahas moduko hori; mundura zabaltzeko ahaleginean espainiar erreferenteak ekartzea, batetik, eta, hein berean, bertako kulturaren lagin bat erakusterakoan ikuspegirik tradizionalenari hain hertsiki lotzea.
Tradizioa baliatzen da maiz espazio banaketa zedarritzeko. Nago tradizioari traizio egitearena eslogan merke bat baino ez ote zaigun bihurtu behin honetara ezkero. Agenda gainbegiratu dut. Nik ez dut inoiz horrelako espazio batean bertsorik kantatu, eta susmoa daukat nire kideei ere ez dietela sarriegitan deitu. Hamar bat aukeratu eta mezua bidali diet zuzenean galdetzeko. Landa-lan ez-formala izan da, iturri ezin fidagarriagoekin. Marko teorikoak ere elkarrekin eraiki genituen aspaldi. Akabo errezeloak: merkatu-nitxo hau horrenbesteraino da tradizionala non badirudien kupoa bete beharrik ere ez dagoela. Saio hauek ez dira martxoan izaten, inork ez ditu berezi gisa izendatzen, baina ez, hauek ere ez dira kasualitatea.