BI TARTE

Turista zuri bat

Ane Labaka Mayoz - Malen Amenabar Larrañaga
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Esprai gorriz idatzi zenuen Tourist go home goroldioak jandako horma zahar batean. Edo ez. Baina parte hartu zenuen etxetik hamabi minutura daukazun hiri ederrean gertatzen ari den turistifikazioa eta gentrifikazioa salatzeko egindako protesta ekintzetan. Edo ez. Baina zabaldu zenuen zure kontaktuen artean norbaitek Zumaiako flyschean zegoen zabor kopurua salatzeko grabatu zuen bideoa. Jarri zenuen zure aletxoa Everesteko ilara amaigabe eta paisaia zikinen irudiak biralak bihur zitezen. Hasieran tristatu eta segundo gutxiren buruan amorratu zinen argazki batzuetan munduko koralezko arreziferik zoragarrienak hondakinez gainezka ikusi ahal izan zenituenean.

Abuztua iritsi zen gero eta oporretara joan zinen beste bi lagunekin batera. Hilabete osorako. Urrutira. Adibidez, Perura. Bederatzi kiloko motxila hartan pribilegio metatu batzuk zeneramatzala eta itzultzerakoan zenbait kontraesanek pisu handixeagoa har zezaketela bi aldiz pentsatu gabe.

Behin han lur hartuta ahalegin sutsuz heldu zenion bidaiari eredugarri bat izateko erronkari. Egoera guztietara egokitzen jakin zenuen; behar zen lekuan lo egin eta platerean jartzen zizuten guztia irribarrez eskertzen, bertakoekin ahalik eta espazio eta hizketaldi gehien konpartitu eta haiei entzun ahala zuk ere hain zurea duzun kultura eta hizkuntza bizitzeko era partekatzen.

Negargura sentitu zenuen Titikaka lakuko ur gaineko uharteetara barkuan iritsitako atzerritar taldeari ingeles zabarrean kantatu behar zion emakumea asper-asper eginda begitandu zenuenean, kantuan hasi baino segundo gutxi lehenago aho-zabalka. Lagun artean gogor kritikatu zenuen argazkiak ateratzeko helburuarekin emakume haren ondoan behatzekin V bat irudikatuz kokatu zen andre perutarra ere —«bertakoa izanda, gainera, nola egin dezake hori?»—.

Mendian galduta burutu zenuten lau eguneko trekking-ean beste inork baino kasu gehiago egin nahi izan zenion ibilbide guztian zehar zuen karga leku batetik bestera zeramaten mandoak gidatzeko ardura zuen gizonaren bederatzi urteko semeari. Egunaren bukaeran kanpamentura lehertuta iritsi arren, ume garaitik gogoan zenituen karta joko guztiak erakutsi zenizkion mutikoari eta bidaiaren amaieran karta-sorta oparitu zenion, agurtzerakoan «ondo-ondo gorde itzazu, zure lagunekin jolastu dezazun dira» esanez.

Eginahalak eginahal, turista zuri bat baino ez zinen izan, beste behin.

Bidaiatzeak burua zabaltzen eta mundura zabaltzen laguntzen duela sinetsarazi zioten turista zuri europarra. Erasmus beken eta turismoaren demokratizazioaren garaiko alaba, sare sozialen batean profil berriak irekitzean mendi punta elurtu edo laku ezin urdinago bateko argazkia jarri eta mundua deskubritzea eta bidaiatzea beste ezer baino gehiago maite duela idazten duena. Urteko edozein asteburutan Europako edozein hiriburutara ihes egin dezakeena ia inertziaz, arnasberritzea eta eguneroko errutinarekin haustea guztiz beharrezkoa delako tarteka.

Alokairuaren prezioen igoera bidegabea dela salatu ondoren Airbnb bat alokatzeko gai dena lagunekin, adibidez Grezian, «otorduetako dirua aurrezteko, badakizu». Denda txikiak ixten ari direlako kezkatu eta herrian bertan erostearen aldeko kanpainarekin bat egin arren, kanpora bidaiatzen duenean kale oso batean zabaldu dituzten souvenir denden lekuan lehenago zer egongo ote zen pentsatzea ekiditen duena. Gaur egun zabor-janari azkarreko saltokiak nonahi daudelako kexatu eta gero kebab bat erosiko duena goizaldean etxe azpiko makinan, goseak estutu diolako sabela.

Ohartzerako, supermerkatuan tipula bat erosi eta plastikozko poltsa batean sartzen ikusi zenuen azkenari momentuan hiltzeko moduko begirada bat bota zeniola ahaztuko zaizu agian.Kontsumitzea (ere) ekintza politiko bat dela esperientzien kapitalismoan.

Bitartean, bizipenak pilatu eta pilatu jarraituko duzu modu konpultsiboan, aireportuetako eskala ordu galduak eta pasaporterako zigilu koloretsuak kolekzionatzen.

Badakizulako egoera latz hau ez dela zure jokaera indibidualek eragindakoa. Badakizulako errua ez dela zurea, sekula jasangarria izan ez den produkziorako sistema ekonomiko zitalarena baizik. Zure bidaiek (bakarrik) ez dutelako planeta horrenbeste hondatuko, helmugatzat dituzun lekuetako etxebizitzen prezioa ez delako zugatik (bakarrik) haziko, ez eta espekulazioa hedatu eta desberdinkeria soziala areagotuko ere. Zuk ere sistema aldatu nahi zenukeelako, eta ez klima.

Aspaldi ikasi zenuen koherentzia ez dela tokirik irisgarriena bidaiatzeko orduan eta autokritikak hegan egiteari utzi eta hankak lurrean jartzera garamatzala maiz. Eta, hala eta guztiz ere, turbulentzia eremuak beharrezkoak zaizkigu.

Ikasturtea hasi berri da eta zeure burua harrapatu duzu laneko emailak erantzun bitartean hegaldi merkeak topatzeko web-orri ezberdinetako eskaintzak erkatzen. Aurtengo udaran ez duzu hondartzan etzanda gozatzeko nahi adina tarte izan eta horixe nahiko zenuke hurrengo bidaiarako. Eguzki potolo bat zeruaren erdian eta itsasoko ur freskoaren kilimak oin-azpietan.

Ba horixe, go home.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.