Ane Labaka Mayoz.

Sinpatika

2024ko maiatzaren 26a
05:00
Entzun
MARIÑE ARBEO ASTIGARRAGA
MARIÑE ARBEO ASTIGARRAGA

Azken asteotan, tamalez, nahi baino gehiagotan aritu gara teman Osakidetzarekin. Harremana estutu nahi guk, baina distantzia mantentzeko ahalegin etengabea berak. Tin tin tin, tin-tin tin-tin, tin tin tin, tin-tin. Une honetan gure agente guztiak okupatuta daude, eta berriro tin tin tin, tin-tin tin-tin...

Ez naiz ni besteen elkarrizketetan muturra sartu zalea. Itxarongelan geundela, ordea, gizon bat entzun dut erabat odoltxarturik. Dirudienez, ume bakarrarentzat hartu du txanda Internet bidez, baina bestea ere gaixo dagoela-eta biak aztertzea nahiko luke orain. T-k tarterik ez duela esan dio, ezin iritsita dabilela. Gizonari, nonbait, ez zaio erantzuna gustatu eta «sinpatika» hitzarekin bukatu du bere marmar luzea. «Ez da bere errua», atera zait barru-barrutik, gizonaren azken hitz horri zerion mespretxuak eraginda-edo. Gizonak bekain bat altxatu du niri begira; ez dit erantzun ere egin. Handik gutxira ikusi dut bi umeekin kontsultara sartzen. Gaur ere ezingo gaitu T-k aurrez ezarritako orduan artatu.

Bizi naizen herriko pediatra da T. Bizi naizen herriko pediatra izan da, oraintsu arte. Duela gutxi banatu dira plazak eta, hara non, inork ez du bizi naizen herrikoa hautatu nahi izan. Medikuren bati esleitu izan baliote, 1.021 paziente izango lituzke ofizialki. Kopuru horri gehitu beharko litzaizkioke, gainera, OTIrik ez duten pertsonak zein opor garaian gurera etorritakoak. Pagotxa.

Izan ere, bizi naizen herria bi astez behin irteten da telebistako ezein programatan, eta, ondorioz, hasi da pixkanaka izozkidun turistaz betetzen. Bizi naizen herria postaletako herria da, inon postaletako herririk balego. Bizi naizen herriko anbulatorioan ez dago ginekologia zerbitzurik 2013tik, eta emagina egon badagoen arren, oporretan edo bajan dagoenetan inork ez du bera ordezkatzen. Bizi naizen herrian gertatu izan da Etengabeko Arreta Gunean medikuak falta eta erizainak baino ez egotea. Pagotxa.

A-k kontatu dit berriki itota dabilela. Lehenago ez bezala, gaixoekin haserretzera iritsi dela azkenaldian ezer larririk izan ez eta berarengana jo dutelako. Beste norbaitentzat behar zuen denbora apurra galarazi diotelako alfer-alferrik. Eta ez, noski ez dela beraien errua. M-k ernegazioz kontatu dit bere amarena. Oinazeak ezin jasanda dabil aspaldion. Azkena, datorren azarorako eman diote espezialistarekin hitzordua.

Bitartean, tin tin tin, tin-tin tin-tin... hurrengo hauteskunde kanpainara arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.