San Joan bezpera da gaur. Urtea urtarrilaren 1ean hasi bazen ere, ekainak berriz hasteko aukera txiki bat ematen du. Txarrak kanpora. Badator eguzkiaren aroa. Ikasleek oporrak hartu dituzte, zabalik daude igerilekuak eta bukatu dira kiroldegietako pilates ikastaroak. Errutinaren militanteei ere ez zaie lehen bezain garrantzitsua iruditzen bederatzietarako afalduta egotea. Maitemintzeko gogoz dago jendea.
Ohiturak nork bereak ditu ezagutzen. Herri edo auzo ugaritan su handi bat pizten da plazan. Baserri-auzoetan nahiko zabalduta dago San Joan arbola jartzeko ohitura. Entzuna dut, bestalde, Arizkunen belar lehorrekin su txikiak egiten dituztela etxe-atarietan eta sutez betetzen dela herria. Nork bereak, baina denok antzekoak. Gure herrian, adibidez, sorginak ateratzen dira herritarrekin dantza egitera.
Ohiturak ohitura eta herriak herri, San Joan bezperari indar berezi bat dario nire ustez, pentsamendutik harago doana. Naturarekiko daukagun loturara itzularazten gaituela esango nuke, hilekoak edo zahartzaroak nola. Lurrera. Urtaroak badatoz eta badoaz. Sugarrek gaua argitu ahala, hezur-haragizko bihurtzen gara. Espiritualtasunaren lagun ona da piroteknia.
Horrez gain, nahaste-borraste handi bat da gaurko gaua. Historiaren laburpen inkoherente ulergarri bat. Herri batean honela kantatzen dute: Artoa eta garia gorde, gorde! Sorginak eta aztiak gure artean beude! Sugeak eta apoak erre, erre! Ondokoan: Artoa eta garia gorde, gorde! Lapurrak eta sorginak erre, erre! Plaza berean bata bestaren segidan entzun daitezkeen kantuak dira ondorengoak: Gorbeiako larrean aker bat dago erdian atso herrenak dabiltza bere aurrean dantzan. Goazen, goazen, eurei laguntzen. Eta geroago: San Joan, San Joan heldu da, sorgin-begia galdu da, galdua bada galdu bedi, sekula agertu ez baledi.
Aurkako ideiak dira, plaza berean dabiltzanak elkarrekin dantzan. Sinesmen zaharrak eta moral kristaua. Emakumearen indarra eta haren aurkako errepresioa. Sua eta kea. Gure gorputzetan ere elkarrekin bizi dira denak.
Gaur gauez sorbaldan hartuko du haurra aitak, San Joan sua lehenengoz ikus dezan. Esku txikiak buruan pausatuko dizkio, tira egingo dio iletik. Suaren irudia islatuko zaio begi-ninietan. Azkura eragingo dio keak eztarrian. San Joan, San Joan heldu da... Eta bat-batean zerbait hezea eta beroa nabarituko du bizkarrean behera.