BI TARTE

Kea

Amaia Iturriotz Etxaniz, Malen Amenabar Larrañaga
2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Hasiera, gertaera eta bukaera duten ipuinen zalea naiz. Zintzoak eta gaiztoakbereizten dituzten pelikulena. Hansel eta Gretelen alde nago. Txanogorritxuren alde. Barbantxo, Edurnezuri, Errauskine. Dunbo, Bambi, Pinotxo. Nire taldean nahi nituzke Mary Poppins eta Matilda. Lokomotora txikia. King Kong. La vita è bella- ko umea eta Paradisu Zinema-koa. Zuekin nago. Gandalf eta Frodo, zuekin ere bai. Ez daukat dudarik zuekin nagoela. Hiltzen bazarete, negar egingo dut. Mundua salbatzen baduzue, ospatu egingo dugu.

Baretasun moduko bat sortzen du poloak ulertzeak, kontrajartzeak eta haietakoren baten aldeko jarrera argia hartzeak. Langileen aldekoa, adibidez. Dekoratua oso sinplea zen gure herrian. Tren-geltokia, fabrika handi bat, azkar eta pilatuta eraikitako auzuneak. Dendak, tabernak eta ibaia. Kea eta jendea. Jende langilea.

Aitona-amonez galdegin dut lagunartean. Etxeko-andreak ziren denon amonak. Batzuk, horrez gain, jostunak edo sukaldariak tabernaren batean. Ezkondu aurretik neskame ibilitakoak gehienak. Gizonezkoak, aldiz, fabrikako langileak ia denak, amiantoa arnastu eta bizkarra higatu zitzaienak. Baserritar bat eta okin bat ziren salbuespena. Ez nagusirik. Ez enpresabururik. Fabrika handi bat, ibaia eta trena. Nekea, izerdia, sukaldea eta ohea. Langile-klasea. Garai haietan gaiztoa eszenan sartzen zenean musika ilunera aldatzen zen. Zintzoa agertutakoan, aldiz, fotogramek argi gehiago zeukaten. Gretelek bazekien Gretel zela. Dunbok bazekien Dunbo zela.

Gaur, ordea, duela ez hainbeste itxi zuten fabrika herdoilduaren aldamenetik pasatzen dira gazteak. Kezko eta burdinazko aitona-amonen bilobak lanera bidean doaz. Zirku batean bezainbat animalia fantastiko aurki daitezke espaloi horietan: ile-apaintzaile bat, fisioterapeuta bat, mediku bat, hiru irakasle, jatetxe bateko zerbitzari bat eta lanik aurkitzen ez duen beste bat. Trenean joanak dira, bestalde, diseinatzaile grafiko bat eta marketin-enpresa batean aritzen den bat. Azken hauek hiri erraldoietan bizi dira, zeinak goitik begiratuta eta kutsadurazko behe-laino horri esker fabrika handiak baitirudite. Pasa da maiatzaren lehena. Familiako bazkaria, mendi-buelta, zubia lagunekin Kantabriako kostaldean. Ba ote daki Gretelek Gretel dela? Gogoratzen al du Dunbok bere izena?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.