BI TARTE

Josefina

Nerea Ibarzabal Salegi, Mariñe Arbeo Astigarraga
2022ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Zauria zabalik hartu zaitu lurrak, zauri bat zabalik lurra bera ere. Ate kolpeak goizaldean. Behera botako zutela. Zabaldu egin behar, zuen amak. Jantz zedila aita, bazeramatela. Fusilen oskolek distirarik ez abuztuko ilbeheran.

Zeure ahotik jakin dugu, zeure ahotik datoz kantuak. Denon ahotara gero, eta zeure ahora bueltan. Maravillas, Maravillas, florecica de Larraga, amapola del camino, te seguiré donde vayas. Zuen etxeko usaina, ilunpea, zeure ahotik, zuen aita bezala, elizara joaten ez ziren nekazari sozialista denen etxeak.

Zure ahizparen soslai gaztea, logelatik irtenda. Aita nora daramazuen jakin nahi dut. Zatoz gurekin, orduan.

93 urterekin joan zara. Laster beteko dira 90 urte gau hartatik. Denborak ez du barkatzen, ez du sendatzen. Gerrak beti daude hasita, eta noizko amaitu. Lehertu edo baretu, besterik ez dakite egiten.

Jaiki, haurrak, esan zizuen Paulinak, zuen amak. Aita kartzelan daukate, eraman egiozue gosaria. Kuartelera heldu zinetenean argi mintzatu zitzaizkizuen guardiak. Zuen aitak jada ez du gosaririk beharko.

Pobreak izan arren, bizitzeko lain izan zenuten ordura arte. Laster etorriko zen eskean ibili beharra, ordea, dena kendu baitzizueten. Komentuan ere ez zizuten bakerik emango, idatzita zeneraman zure familiaren izena, barrutik zein kanpotik. Egingo zuten zerbait, esaten zizuten. Zer egin zuen Maravillasek, erantzuten zenien.

Herrian galdetuta jakin zenuten ahizpari egin ziotenaren berri, apurka, berandu. Arropa urratuak, txakurrak, sua.

Pakistanera bidali zintuzten, eta ez zen erraza izan handik itzultzea. Elizaren baimena lortu eta Nafarroara iritsi zinenerako, zure amak hiru egun zeramatzan lurpean.

Jantoki sozialean egin duzu lan geroztik. Zure auzoko ikurretako bat izan zara, gazteen eredu, erresistentzian lagun. Erresidentzia batean hil zara. Ez zara isildu. Hitz egin duzu, oraindik oihuka mintzo direnen gainetik. Hildakoen historia kontatu duten bizirauleen historia ere kontatu egin behar da.

Lekukoek oroitzen zituzten partzelak eta bide-bazterrak aztertu zituzten, lurra eta denbora irauli. Baina aitarik aurkitu gabe joan zara. Zeuk esandakoa da, hori ez dagoela ez ahazterik, ez barkatzerik.

Amapolak bide bazterretan, izarrak Erribera gainean, mina baretzeko eta mina oroitzeko. Kontatzen segituko dugu, Josefina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.