Burdinezko beso bat harrizko horma baten kontra. Egur, teila eta igeltsu zatiak lurrera erortzen, zutabe nagusiak erditik hautsiak, logela urdin bat bistan. Materiala baino ez dirudi, materiala materialaren aurka; sendoenak irabaztea, eta ahulena papurtzea, ezinbestean. Baina ez da hori bakarrik. Hondeamakina berri batek baserri zahar bat eraistea da mendea eta segundoa gurutzatzen diren leku tragikoa; bi orduk irabaztea 500 urteri, eta ideia batek birrintzea beste bat.
Eta hemendik aurrera etorriko diren AHTaren eraikuntzako ordu guztiak, segundo guztiak, beste 29 urteko atzerapen baten parte izango dira. Inoiz iritsi behar ez zuten eta dagoeneko berandu datozen milaka ordu, dagoeneko berreskuratuko ez diren milioika euro publiko. Hamarkadak obretan, noizbait autobusez baino hamar minutu lehenago iristeko hiri batetik bestera. Denboraren paradoxak. Denbora den material konplexuz eginak ote daude, ba, tren santu horren errailak, zubiak, tunelak...? Herritarrek «gelditu» idatzi duten aldiro, porlanak «geldotu» ulertu izan balu bezala...
Bailara zulatuei eta zubi erraldoien itzalari begira nagoela, pentsatu dut Tekla izeneko hiria izan zitekeela gurea, Marco Polok Kublai Kan enperadoreari deskribatzen dion hirietako bat Italo Calvinoren Le città invisibili-n. Tekla da etengabe eraikitzen ari diren hiria. Bertara iristen denak nekez ikusiko du hiria bera; dena da aldamio, metalezko armazoi, eskuko eskailera eta kable. Ez da erraza biztanleekin berba egitea, guztiak ari baitira lanean buru-belarri, eraiki eta eraiki. Bisitariren batek lortu zuen behin zenbait galdera egitea, hala ere:
—Zergatik doa hain luze Teklaren eraikuntza?
Bertakoek, eskuarteko zereginak askatu barik, zera erantzun zioten:
—Suntsipena has ez dadin.
—Zein suntsipen? —galdetu zien bisitariak— Aldamioren bat askatuko balitz, hiri osoa eroriko litzatekeela esan nahi duzue?
—Ez hiria bakarrik —bota zioten, misteriotsu, teklatarrek.
Bisitariak lanei begira jarraitu zuen hesien atzetik, eta ikusi zituen garabiak beste garabi batzuk altxatzen, armazoia armazoiaren gainean, zutabea zutabeari lotuta.
—Baina zein zentzu dute zuen lanek?—jarraitu zuen, temati— Zein helburu du etengabeko eraikuntzan dagoen hiri batek, ez bada hiri bat? Zein da jarraitzen duzuen planoa, proiektua?
Teklatarrek zin egin zioten bisitariari lanaldia amaitzerakoan erakutsiko ziotela guztiaren arrazoia.
Iluntzean amaitu zuten lan jarduna Teklan. Isildu zen hondeatzeko makinen eta zulatzeko makinen eta bestelako makinen soinua, eta gau izarratu bat pausatu zen hiriko zutabe garaien gainean. «Hauxe da proiektua», esan zioten biztanleek bisitariari, zerura begira.
Eta halaxe amaitzen da kontakizuna. Teklako hiritarrek uste dute unibertsoaren pisuari eutsi behar diotela beraien eraikuntzekin; ez dira ari bertakoentzat eraikitzen, hiriaren funtzio bakarra bilakatu da gorago dagoen izar multzo hori mantentzeko lan egitea.
Hau ere Tekla da, badakit. Eta jakin nahi nuke zein zeruri ari garen eusten gure zubi erraldoiekin, baserri birrinduekin edo lurpeko zuloekin, denon denbora eta baliabide hauen pisuarekin, zein zeru, ez bada enpresari-lagun jakin batzuen aberastasunaren zerua, agintean daudenen apeten eta burugogorkerien zerua, diru publikoaren kontrolik bako erabileraren zerua. Zergatik eutsi behar diogu zeru horri, eustearen ekintzak berak zanpatzen baditu lurrekoak?
Baina, hala ere, lanpostuen, garapenaren, erosotasunaren eta (aurpegia behar da, gero) ekologiaren aitzakiapean, jarraitzen dute esaten zerua gain behera datorrela, eta hiri hau altxatu behar dugula denon lanarekin; gure bizitzak geroz eta gehiago zailtzean oinarritzen den hiri ikusezin hau.
BI TARTE
Hau ere Tekla da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu