Ane Labaka Mayoz.

Gizonak seinalatzen dituzten gizonak

2025eko martxoaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zenbakiei begiratuta, nago ez dela gurea izan Denuncias_euskalherria Instagram kontuak goi eta behe dardararazi duen ingurune bakarra. Kontua sortu eta lehen hamar egunetan jada ia ehun salaketa irakur zitezkeen bertan. Boikota egin beharreko jatetxeak eta tabernak, hezkuntzan segi behar ez luketen irakasleak, fisioterapeutak, umoristak, urrunagoko nahiz hurbil-hurbileko erasotzaileak... Justizia sistema hain injustua den garaiotan, ez genekizkienak azaleratzeko balio izan du horrelako espazio anonimo eta erdi-seguru bat sortu izanak, baina, batez ere-batez ere, aurrez bagenekizkienei behingoz izena jartzeko eta izena jartzearekin batera hartu beharreko ardurak hartzen hasteko balio izan duela esango nuke.

Hain zuzen ere, horrexegatik sumatu ditut urduri antzean inguruko gizonak. Dagokien tokian egoten asmatu nahian gutxi batzuk, galdu samar baina norabide zuzenean, eta behar luketen baino asaldatuago beste asko. Gehienak. «Jakin duzu X-rena?», «Orain guk ere Errejón bat omen daukagu triatloi taldean, elkartean, asanbladan, kuadrillan...». «Baina zer da zehazki Y-k egin zuena?». Bekainak goregi eta ahoak zabalegi. Keinu hanpatuegiak, eta egia izateko antzeztuegia den harridura mota hori. Sinesgarritasuna auzitan. Kokapen, ikuspuntu eta hausnarketa desegokiak aldiro.

MARIÑE ARBEO ASTIGARRAGA
MARIÑE ARBEO ASTIGARRAGA

Izatez, beste gizonen baten aurkako salaketak sekula ez lukeelako behar arindu. Ez lukeelako behar alibi, koartada, ihesbide, salbokonduktu. Ispilu behar lukeelako, beste ezer baino gehiago. Galdera ikur, interpelazio zuzen, kuestionatze, introspekzio ariketa. Ez lukeelako behar «bera bai baina ni ez», ezpada «bera bai, eta ni?». «Bera bai, eta orduan ni?».

Jakintsuak ilargia seinalatzen duelarik ergela hatzari begira geratzen dela esan ohi da. Hala esan omen zuen Konfuzio pentsalariak. Ergeletik gutxi duten gizonak ari dira, ordea, ilargi betea oso-osorik estali nahian. Euren hatzei begira sumatzen ditut, bertan goxo. Euren hatzak miazten, aginpidez.

Eta guk azalak hatz markaz beteta jarraitzen dugu.

Zoritxarrez, dena eskala kontua bada behintzat, errazegia da egun gizon batek gauzak berak baino okerrago egiten ari den beste norbait aurkitzea. Bera baino manipulatzaileagoa, oldarkorragoa, gaiztoagoa den norbait. Beti dagoelako emakume bat bortxatu, jo edo, are, erail duen norbait.

Beti izango du nor seinalatua, berak bitartean hatzari begira lasai-lasai segi dezan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.