Azken boladan gustua hartu diot garabien paretik igarotzeari. Bi garabi gorri dira orube baten erdian. Hor eraikiko dituzte auzune berri honetako azken blokeak. Blokeak, blokeak eta blokeak. Izkinan eliza txiki bat eta parke ajatu bat daude, gehienez bi solairu dauzkaten bospasei etxe. Beste herri bat irentsi du hiriak.
Kanpoaldean, garabien ondoan, eraikinen habeak eta kanpo-eskeletoak aztertzen ditut. Kutxabankek finantzatua, dio kartel batek. Hirigunerantz hurbildu ahala, abaraskak fasez aldatzen doaz: teilatua agertzen zaie lehenbizi, leihoak eta ateak gero, lorategiak, eta azkenik jendea. Zenbait bloketan jendea bizi baita dagoeneko. Haiek ikusi ez-eta ere, badakit hor daudela. Bizi-seinale sotilak dira leiho batean argia edo balkoi batean landare bat. Lasaigarri zaizkit keinuok, ezen katalogo baten barrura sartu naizela uste izaten baitut zeruak ilunabar politten bat dakarrenetan.
Barru-barruan ezinegona sortzen dit leku honek. Europa iparraldeko polizia-telesailen giroa arnasten da kaleetan. Zerbait ez dabil ongi eta hiltzailearen edo gorpuaren bila atera naiz.
Lehen solairuaren buelta hesituta daukate eraikin-talde gehienek. Bi metro inguru doaz gora lurretik eta metalezkoak dira. Kanpoko atea zabaldu behar da etxera sartzeko, atarikoa gero. Atezain batek ongi emango luke hemen, segurtasun-kamera batek ere bai. Atrezzoak argi uzten du kalearen eta etxearen arteko muga zein den, noraino den bizitza bat publikoa (produktiboa) eta pribatua (erreproduktiboa) non hasten den, bai bizitza eta bai jabegoa.
Hesi horren atzean lehen solairuko etxeen lorategiak daude, ez baitago inongo lokal komertzialik beheko solairuetan. Juanjoren harategia edo Maribiren fruta-denda egon zitezkeen lekuan etxebizitzak daude, goiko solairuetakoak baino pittin bat merkeago saldutakoak. Ez da, beraz, Juanjorik edo Maribirik existituko hemen, auzune berri honetan, non supermerkatu erraldoi bat eraikiko duten erdi-erdian, aparkalekua eta guzti duena. Komertzio txikiaren gabeziak, ordea, jendez husten du kalea, argiak itzaltzen gauean. Begirik gabe geratzen dira espaloiak eta begirik ezak segurtasunik ezaren pertzepzioa areagotzen du. Ez da beharbada arrisku erreal bat, haren urruneko zarata baino.
Leku hau bizi izateko eraikitzen ari dira, habitatzeko: habitar gaztelaniaz, habiter frantsesez. Adriana Cioletto arkitektoari irakurri nion behin, hirigintza feministaz ari zela, hiriaren zonifikazioa zer den. Ideia honek lau eremutan banatzen ditu gizarte modernoaren beharrak: habitatzea, mugitzea, lan egitea eta aisialdiaz gozatzea. Behar hauek toki bereizietan antolatzen dira, elkarrengandik aparte, non-eta gune batetik bestera joateko motordun ibilgailuak lehenesten diren. Goizero aurreko atari horretatik irtengo den neska lanera joango da autoz, gimnasiora edo igerilekura ondoren, etxera itzuli arte azkenik, iluntzean. Kanpoko hesia ireki eta itxi. Atariko atea ireki eta itxi. Bizitza konpartimentatua. Komunitatea sortzeko zaila. Oso zaila.
Hirien mugarik gabeko zabalpena ez da doan. Etxe hutsak alde zaharretan. Padel pistak periferiako urbanizazioetan. Bizitzako erabaki garrantzitsuenetakoak hartzen ari garela uste dugun bitartean, hirigintza-ereduak isil-gordean ematen dio forma denon bizimoduari.