Familia

Amaia Iturriotz Etxaniz - Mariñe Arbeo Astigarraga
2023ko abenduaren 24a
05:00
Entzun

Gu familia bat gara? Metrokoadroka kolektiboaren Zeozertan dabil baina ez dakit zertan antzezlanean elkarri egiten dioten galdera da. Familia. Izena. Sendi, senitarte. Elhuyar hiztegian hau da hitzaren erabileraren adibidea: familia mantentzea gero eta zailagoa da. Familia. Izena. Seme-alabak, ondorengotza. Familia. Izena. Dinastia, leinu.

Egun on, gabon egunaren bezpera honetan. Ausartzen baldin bazara eta familia zer den galdetzen badidazu, Sara Mesaren azken eleberriaren izenburua dela erantzungo dizut. Ez dut irakurri oraindik. Opari polita Olentzerori eskatzeko, familiako lagun ezkutuan jasotzeko ez hainbeste. Ironia gehitxo aukeran. Familia ez dira gabonak, baina gabonak familia dira.

Azaroan hasten da dena, neguak despistatuta gauzkan iluntze batez. Espainiar estatuko loteriaren iragarkia soinu-banda iradokitzen hasten da belarrietan, diskrezio osoz. Ez dakit zergatik harritu nintzen egongelan jartzeko gabonetako argiak erostea otu zitzaidanean. Hau da hau alokairuko etxebizitza aseptiko eta behin-behineko hau etxe bihurtzeko beharra. Pinu bat falta da, baina ez da kabitzen. Bitartean, kaleko argiak denoi zorionak emanez. Zoriontsu izateko premia larria. Aita eta ama gazte eta guapoak belusezko pijamak jantzita, ume potxolo eta politak besoetan. Irribarrez. Din, dan, don, din, dan, don. Eguberri on.

Eta orain, gorputzaldi honetatik, jarri bakoitza zuen aulkietan mesedez. Eseri zuen mahaira.

Pinu egurrez egindako mahai biribila, iluna, Ikeako katalogoan lekurik ez daukana. Izeba 1 eta izeba 3 ez dira ondoz ondo jesarri, diagonalean baizik. Hogei urte baino gehiago dira ez diotela hitzik egiten elkarri. Inork ez omen daki zergatik. Edo dakienak ez du ezer kontatu nahi. Batek daki. Batzuk beranduegi jaio ziren ekuazio honetan ezer ulertzeko.

Mahai honek mosaiko bat du gainean eta laukizuzena da. Hankak altzairu beltzezkoak ditu, astunak, solen ikurraren forma dute goiko aldean. Berandu banatu ziren gurasoak, nagusitan. Ez dira jada bikote. Ez dute elkar gorroto, hala ere. Oso lasai bizi dira nor bere bizitzetan, ez indiferente, bai aske. Noizbait hil zen egitura postalezko hura simulatzen dute urtebetetzeetan bezala, gabonetan. Zintzotasunez, antzerki asmorik gabe. Inork bakarrik afal ez dezan praktikoena delako, besterik gabe.

Horma zurien erdian haritz-egur argia, kolorerik gabeko bernizez babestua. Lau hankako mahaia. Eguberri eguneko bazkarira etorriko da semea 1, egun osorako baimenarekin irten da ospitaletik. Izan ere, egonaldi luzeko psikiatria unitate batean bizi da bera aspalditik. Amak min du bezperatik, badakielako semea 1 etorriko denez alaba 2 ez dela bazkaltzera agertuko. Senarraren gurasoen etxean bazkalduko du alaba 2-k, ez erabat lasai, neba ikusi nahi ez izatearen arrazoia gorde nahiko baitu amaginarrebaren aurrean.

Askotariko mahaiak daude eta askotarikoak dira familiak. Mahai herrenak, familia desegituratuak. Haien parte zaretenoi, zuei guztiei eta guri denoi, eguberri on. Ez zaitzatetela gabon-kantek engaina. Gezur txiki bat dira egongelan jarri dituzuen argiak. Eta egon lasai, normalak zarete. Benetan diot, normal-normalak zarete. Bukatzeko, gauza bat. Utziko al dit inork belusezko pijama bat egun hauetarako?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.