BI TARTE

Faltan

Ane Labaka Mayoz, Malen Amenabar Larrañaga
2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Irakasle batek behin eta berriro errepikatu ohi zigun euskaraz ari garenean ezinezkoa dela ezer faltan botatzea. Kaleak berriro ere apurka-apurka zarataz betetzen hasiak diren egunotan, nik inguruko hainbat pertsonari bota nahi izan diet amua, eta noren falta sumatzen duten galdetu diet; faltan zer hartzen duten, alegia.

Esaldi bakarreko erantzun laburrak eskatu badiezkiet ere, zenbaitek nahikoa izan dute hitz bakarrarekin. Beste zenbaitek, audio-mezu luzeagoen alde egin dute.

G-ren erantzuna izan da jaso dudan lehena: «Lanera abiatu aurretik kafe bero-beroa hartzea, etxepeko tabernako andreak asteko horoskopoa ahoz gora irakurtzen didan bitartean». U-k galderaritripetatikerantzun diola iruditu zait: «Gurasoak». M1-ek «familia» ihardetsi dit, bi aldiz pentsatu gabe; «etxekoak». M2-k ere «jendea» gehitu du erantzunen zerrendara eta «etxe barrukoez aparteko aurpegiak» zehaztu du jarraian.

N1-ek barre artean bota dit bere txakurraren ondoan siesta egitea hartzen duela faltan. E-k, berriz, hobeto hausnartu nahian begiak itxita, kontaktu humanoaren premia duela azpimarratu dit; «besarkadak, musuak, laztanak, mimoak, kilimak...». «Hitzetatik harago, gorputz bidezko komunikazioa» izan nahiko luke I1-ek aurrekoaren bidetik; fisikoki ere bakarrik ez dagoela sentitzea.

A1-ek —orain arte behintzat— beti uste izan du ez dela bereziki ingurukoak ukitu eta musu nahiz besarkadak eman zalea. Orain, aldiz, kalean ezagunekin topo egin eta deserosoa egiten zaio distantzia mantendu behar izatea.

I2-k eta M3-k ere kontaktua aipatu didate, era zabalagoan. Lehenak «kontaktua Ama Lurrarekin, askatasun sentipenarekin, ondoan nahi ditudanekin...». Bigarrenak, berriz, kontaktu fisikoari egin dio erreferentzia, «bere osotasunean». Ez du gogoan sekula inor ukitu gabe hainbeste denbora igaro izana. Zentzumenak neutralizatuta sumatzen ditu, eta harrituta kontatu dit kalean norbait ondotik pasa eta bere usaina harrapatu nahian aritzen dela. Horrez gain, itomena sortzen dio tartean horma edo eraikin alturik izan gabe ortzimuga zabalari begiratzeko aukerarik ez izateak.

«Bakardadea» izan da N2-ren erantzuna. «X-ren ama izan beharrean N2 deneko denbora hori» hartzen omen du faltan. Berarentzako denbora nahiko luke B-k ere; inoiz baino itsatsiago sentitzen dituen semeekiko distantzia fisikoa. Eszenatokira igotzean bizitzen duen emozioaren hutsunea ere nabari du tarteka.

A2-k «boterearen eta kontrol sozialaren inguruko kontzientzia falta» sumatzen du, eta ondorioz, hau dena hasi aurretik sentitzen zuen ustez libreago izatearen ilusioa hartzen du faltan.

A3-ri ez zaizkio aski lagunarteko bideo deiak. Asko estimatuko luke zerbeza bana hartuta terraza batean bildu eta tertulia interesgarri bat izatea. A4-k ere lagunartea aipatu dit beste ezer baino lehen; «lagunarte borobila» deitu diona. «Taldea»; lagunekin mahai bueltan elkartzea. Itxialdiak telelana eta haurren zaintza bateraezinak direla ikasteko balio izan dio eta natura hartu du faltan; «ikaragarri». Espontaneoki mugitzea ere bai.

«Elkartzea» eta, batez ere, «inprobisatzea» hartzen ditu faltan A5-ek ere; eguna aurrez espero ez zuen modu batean bukatzea, espero ez zuen norbaitekin elkartzea, azken momentuan planen bat egitea...

M4-ri ere arraroa egiten zaio dena hain neurtuta eta kontrolatuta izatea. Faltan hartzen duarnasa behar duenean itsasoa ikustera joateko aukera. Bestalde, ez du gustuko egoera arraro honetan etxetik irteteko momentuak hartu duen transzendentzia; «kanporanzkoan mila begi sentitu ohi ditut gainean, portaleko atea gurutzatzearekin batera eskaner bat igaroko banu bezala».

Ingurukoen erantzun hauek txirikordatu ahala, niri galdera ikur gehiago sortu zaizkit barruan. Dena neurtu behar dugun garaiotan, zein unitatek balio du norbaiten mira neurtzeko? Nostalgia kuantifikatzeko? Noiz igaroko gara besarkada birtualetatik benetakoetara? Noiz, azala azalaren aurka igurztera? Hau dena baretzean, gogoratuko al dugu nola besarkatzen genuen elkar?

Gorputzak memoria daukala diote. Eta eskerrak.

Nik zuen falta sumatzen dut. Asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.