Jada ezin da ezer esan. Hala diozu; bi begiak su. Jada ezin omen da ezer esan, baina ezin mingainari bere zuloan geldirik eutsi. Jada ezin omen da ezer esan eta, hala ere, zenbat diozun hala diozunean.
Jada ezin da ezer esan. Jada ezin omen duzu izan nahi bezain apurtzaile, nahi bezain probokatzaile, nahi bezain politikoki inkorrekto. Jada ezin da ezer esan eta, ondorioz, zu ere autozentsuraren kortsean jausten zara maiz. Sara Ahmeden aditzerik izango ez duzun arren, zuri ere sarriegitan agertzen zaizkizu jai-izorrante feministak gozamena zapuztera.
Jada ezin da ezer esan. X, Meta, Amazon, McDonald´s eta beste zenbait enpresak aniztasun eta inklusio politikak apaldu eta murriztu berri dituzte. Mundu osoaren aurrean lasai asko iragarri dute bertan behera utzi dituztela beltzen eta LGTBIQ pertsonen eskubideak babesteko konpromisoak. Orain posible da, adibidez, Facebooken zein Instagramen etorkinei «kaka puska» deitzea eta homosexualei «gaixo mental». Argia aldizkariak dakarrenez, Metaren web orrian zehazten da hizkuntza «iraingarria» erabiltzeazilegi dela gai politiko edo erlijiosoei buruzko eztabaidetan, hala nola pertsona transgeneroen eskubideei, immigrazioari edo homosexualitateari buruzkoetan, bai eta «maitasun-hausturaren testuinguruan genero bat gaitzestea» adieraztea ere. Magikoki, desagertu egin da orain arte emakumeak «etxeko objektu edo jabego» izatea galarazten zuen paragrafoa eta beste paragrafo batean aipatutakoak atea parez pare zabaltzen die, esaterako, emakumeak irakaskuntzatik baztertzeadefendatzen duten iruzkinei.
Jada ezin da ezer esan. Aspaldi ikasi zenituen buruz Musa Anter idazle kurduaren hitzak. Eta bai, nire hizkuntzak zure estatuaren oinarriak astintzen baditu, horrek esan nahi du, ziur asko, zure estatua nire lurrean eraiki duzula. Nekezagoa zaizu, ordea, zuk zapaltzen dituzun lur lokaztu horiei behatzea. Esaldi ikasia zatikatzea, alderantzikatzea, eta esanahiberritzea. Hausnartzeko, beste ezer baino lehen, zuk noren lurretan eraikitzen duzun zer. Darabilzun hizkuntza non oinarritzen den. Nor astintzen duen zure adierazkortasunak. Zure umoreak.
Jada ezin da ezer esan. Amorratu egingo zinateke Musk eta Zuckerberg buruarekin baietz-baiezka ari zaizkizula erantzungo banizu. Jada ezin da ezer esan. Zure adierazpen askatasunak askatasun izateari uzten dio beste norbaiti aske bizitzea, maitatzea, sentitzea eta, are, izatea ukatzen dion momentuan bertan. Jada ezin da ezer esan. Zuretzat dena libre balitz beste batzuk ez liratekeelako libre. Ez direlako libre.