BI TARTE

Esmalte gorria

Ane Labaka Mayoz, Malen Amenabar Larrañaga
2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Hanketako azazkalak margotzeak erritual izaera dauka neure begietara. Pazientziaz moztu eta limatu ostean, behatz bakoitza ondokoarengandik bereizi behar da beste ezer baino lehen, tarteetan horretarako beren-beregi prestatutako plastiko bigunezko zatitxoak kokatuz. Behin behatzak bihurritu eta oinaren forma arrarotuta, esmalte gorria —edo nahi den kolorekoa— hartu eta azazkal bakoitza gaineztatu behar da. Aldiro hurrenkera berari jarraitzea komeni da; nire kasuan, ezkerreko oineko behatz loditik txikieneraino eta, jarraian, eskuineko oineko lodienetik txikieneraino. Lehen geruza hori lehortu ondoren, berriro ere hasieratik hasi eta bigarren batekin estali behar da azpikoa. Erritu hau burutzen finenak direnek, gainera, hirugarren geruza garden bat ere gehitu ohi dute distira areagotzeko.

Zabarragoak garenok, ordea, erritua hasterako esmalte-kentzekoa eta kotoizko diskoak eskura izatea komeni da, zer gerta ere. Zabarragoak garenok aurreko udaratik ezabatu gabeko arrastotxo gorri bat daramagu oraindik okerka moztutako azazkal baten izkinan. Zabarragoak garenok gogoan daukagu esmaltea behar beste lehortu gabe galtzerdiak edo etxeko zapatilak janzten hasi ginen azken aldi hartan hartutako ezustekoa.

Egutegiak dioenez, hilabete eta bost egun daramatzat etxeko zapatiletan. Denbora tarte honetan, kirola egitekoak jantzi izan ditut noizean behin. Munduaren amaierarako badaezpadako erosketak egitera edo zaborra ateratzera kalera irten behar izan dudan aldi bakanetan ere azken horiek jantzi izan ditut. Ez bota alturik, ez takoidun zapatarik...

Ez soinekorik, ez eta gona luze edo laburrik ere. Ez media hauskorrik. Ez gerrikorik. Ez botoirik. Kremaileraren bat edo beste soilik. Ez praka bakerorik. Ez oihal gogorrik. Pijama lodia —txandal zaharkitua— iztartean saretzen hasitako elastikoak. Iztartean saretzen hasitako elastikoak —txandal zaharkitua— pijama lodia. Arropa nasaia hogeita lau orduz. Soinera itsasten zaidan jantzirik ez; gorputza estutzen eta, beraz, liraintzen omen didan ezer ere ez.

Hilabete eta bost egun nahikoa dira ezkerreko besapean eskubikoan baino bilo gehiago dudala edo bizkorrago hazten zaidala deskubritzeko. Komuneko ispiluari begira jartzean ezpainen gaineko orinean pilatu zaizkidan iletxoak baino ez ikusteko, noizbait simetriko eta ia perfektu izandako bekainen ingurukoekin batera.

Buruko ilea bere horretan lehortzen uzten dut orain. Kizkur anarkikoek sekula baino askeagoak dirudite. Gehienera jota, motots izatera ere iristen ez den habia antzeko zera desitxuratu bat osatzen dute eta, tarteka, burkoaren marka daramate aldean.

Begi zuloak ere inoiz baino begi zuloago dira orain. Hilabete eta bost egun daramatzat makillajearen nezeserra ireki ere egin gabe. Agerpen publikoen simulakroen —argazki, bideo, bertso saio birtual...— aurretik sortu izan zait zalantza une bat edo beste; kalerako ohikoa dudan moduan ezpainak margotu ala ez erabakitzerakoan, adibidez. Gainerakoan, arin sentitzen naiz. Askoz ere arinago.

Arintasun hori lagungarri izan zait hegemonikoki polit izateko bidean egiten dudan guztiaz hausnarrean aritzeko. Miren Gaztañagaren Stereo antzezlaneko desodorante usaina heldu zait sudur zuloetara eta azkura eragin dit bi begietan.

Tintearen faltan ile-sustraiak zuritu zaizkion emakume lotsatuarekin gogoratu naiz. Itxialdian zehar behingoz ilea buru arras moztera ausartu eta lagunek ondo ote dagoen galdetu diotenarekin. Berriro kalera irtetean lehenago ile motza zena melena izatera iritsi zaiolako «oso guapa» dagoela entzun beharko duenarekin. Osasun arazo baten ondorioz nabarmenki argaldu zenean piropo-festa bera jasan behar izan zuenarekin. «Hau guztia amaitzean...» hasten diren kutsu lodifobikozko txisteak mingarri zaizkionarekin.

Hilabete eta bost egun daramatzat zenbait diskurtso neure gorputzean tolesten. Guztia kulturalki eraikia dela ikasi genuen. Generoa performatiboa dela. Orain, parentesi-arte honek aukera bat eman digu esaldi horiek geure haragitan xehatzeko. Aukera bat norma iritsezinen barruan sartu nahian egiten ditugun ahaleginen inguruan pentsatzeko eta, bide batez, egiten dugun horrek guztiak gure ibiltzeko, esertzeko, hitz egiteko, espazioa okupatzeko, mugitzeko... moduan nola eragiten duen behatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.