BI TARTE

Ea nork luzeagoa

Ane Labaka Mayoz - Malen Amenabar Larrañaga
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Ahanzturak irentsitako emakumeak erreskatatzen eta geuretzen ahalegindu ginen, beste ezer baino lehen. Belarriratu ziguten maiuskulazko historia hari atximur egin eta izen eta izan berriak erantsi nahi izan genizkion tolesetan. Gizonak ezin hanka zabalikago agertzen ziren metroko argazkiak ikusarazi nahi izan genituen, azkar ohartu ginelako gu geu ginela haien ondoan izterrak elkarrengana estututa eseri ohi ginenak. Andre adituen hitzaldi ugari gizonezkoen luzimendurako hitzartzeekin amaitu ohi direla salatu nahi izan genuen. Arzalpenaz jardun dugu luze, aldiro azken hitza izateko batzuen beharraz eta maila fisiko nahiz sinbolikoan ahalik eta gutxien okupatzeko besteon agindu barneratuegiaz. Hitz egin dugu espazioaren banaketa dikotomikoaz; publikoaz eta pribatuaz.

Eta, ia oharkabe, luzakin moduko bat josi diogu espazio publikoari. Dema-plaza bat gehiago eraiki dugu; bere koskaz betetako zoru, iturri emaritsu eta harrizko petril eta guzti. Beste behin ere, ordea, argi dago nori dagokion plazaren erdigunea eta nori kanpo-begirale rola. Erdiguneko zenbait suminduta irudika ditzaket espazio banaketaren errua trollei egozten. Egiari zor, dagoeneko behin baino gehiagotan geratu da agerian sareetan ezkutuan dabiltzanek emakume publikoenganako darabilten bortxa. Nago, baina, Umap-en zerrendetan aldiro islatzen den desberdinkeriaren oinarrian ez daudela trollak, edo, behintzat, ez daudela trollak soilik.

Berriki, beraien azken birtxioen artean andreek idatzitakoak zenbat ote ziren neurtu dute txiolari batzuek. Plazaren erdigunean kokatzen den izen-abizendunetako bati ere irakurri diot lehenago sareetan presentzia handiagoa zuten emakume interesgarri asko isilik sumatzen dituela azkenaldian. Neuk ere hartzen ditut faltan ahots horiek. Zenbaitek aitortu didate zeharo nagituta daudela, eta nigan ere topatzen ditut nagi horren zantzuak.

Pantailari beherantz eragiten diodanero agertzen baitzaizkit gizonak, antzu samar deritzedan eztabaidetan katigatuta. Ez omen da eztabaidarako lekurik aproposena, hala diote, baina, zer den testosterona, hizpidea zeinahi delarik ere —demagun, adibidez, euskara batua edo euskal musika eszena— ezin mihiari ahoko zuloan eta hatzei geldirik eutsi. Nork bere jakinduria printzak jarri nahi ditu erakusgai, nork bere hitz pisutsu, argudio ukaezin eta aipu parafraseatu kuttunenak —espazio publikoan aurretik ere beren lekutxoa bazuten gizonenak, nola ez—. Horrela, zeinahi hizpide bihur daiteke norgehiagokarako aitzakia. Ea nork azken hitza. Ea nork luzeagoa; haria, eta beste zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.