Ateak eta aurpegiak

Amaia Iturriotz Etxaniz
2023ko azaroaren 26a
05:00
Entzun
Bi Tarte. Ilustrazioa.
 

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna izan zen atzo, eta aste honetarako dago deituta greba feminista orokorra. Tarteko egun bat da gaur, prostituzioari buruz aritzeko aproposa iruditu zaidana. Irutxuloko Hitza-k Carolina Clemente sexu langileari eginiko elkarrizketa darabilkit buruan aste hauetan. Azkar irakurri nuen, asteburuko pilota-partiden emaitzak irakur litezkeen bezain azkar gutxi gorabehera. Bere hitzen oihartzunak konpainia egiten dit errepidea gurutzatzera noanean, dutxan sartu berritan edo arropa zintzilikatzen ari naizenean. Bi ondorio nagusi atera ditut. Bat. Mutil-taldeetan, hots, anaidian, dezente gehiago hitz egiten dela prostituzioaz nesken artean baino. Bi. Argazkiaz gogoratzen naizela behin eta berriz. Garatzen ahaleginduko naiz.

Gure adin bertsuko urlia eta sandia gertuko auzo bateko putetxera joaten ziren ligatzen ez zuten gau batzuetan. Badakit, gizon batek kontatu zidan-eta. Berendia ere maiz joaten da bertara. Hori ere badakit, baina hori ere gizon batek kontatu zidan. Gizonek gizonei kontatzen dizkiete halakoak. Barraren izkinan. Igandez, edo beste egunen batean. Pilota-partiden emaitzak komentatu daitezkeen bezala. Nik, hala ere, entzun izan dut noiz edo noiz Altunak eta Etxeberriak aurrekoan nola bukatu zuten. Kasualitatez, belarriek saiakerarik egin gabe. Txori izena duen errepide ertzeko klubaz, ordea, inork ez du sekula ezer esan nire aurrean. Gure aurrean, noan zehaztera, emakumeon aurrean. Anaidian ukigarria eta erreala da prostituzioaren gaia, lekuek atea daukatelako, pertsonek aurpegia. Eta gizonek boterea. Eroslearen aldean daudelako, beraz, ez saltzailearenean. Emakumeok, bitartean, sutsuki eztabaidatzen dugu. Abolizioa ala erregulazioa. Hil ala bizi. Prostituzioak ez luke existitu behar, eta horrelako bide motzak. Langile-klasea. Sexu-indarkeria. Atzerritartasun legea. Garrasika azkenik guztiok. Garrasika baina urrunetik hitz egiten dugu, lekuetara eta aurpegietara hurbiltzeko asmorik gabe. Nahita urrunduz, esango nuke. Kopetan denok: ni ez naiz puta. Puta izateko izu hori.

Bestetik, argazkiarena. Elkarrizketatuaren aurpegia burutik kendu ezinda nabil. Inor nire pentsamenduari begira ez neukanean sudurra eta begiak aztertu dizkiot kontu handiz. Normalak iruditu zaizkit. Beroki beltz bat darama soinean. Antzeko bat dut nik. Ilea, lepoa, ahoa. Harritzen nauena zer den jabetu ezinda nabil. Arropa eskegitzen bukatu dudanean ohartu naiz nire iruditerian hezur-haragizkoa den sexu langilerik apenas dagoela. Ez daudela. Ez behintzat izenekin. Despertsonalizatu egiten ditugu eta desagerrarazi. Bizi garen munduan ez baleude bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.