Urruti geratu da Mas presidentea amestu eta iradoki zuen gehiengotik. Eskerrak kontaketaren azken unean 48tik 50era igo zuen, bestela zail izango zukeen jarraitzea.
Mezu garbia bidali diote hautesle abertzale askok CiUren buruari: «Kontsultara eraman behar duzu Katalunia, baina zurekin erabat fidatzen ez garenez gero, derrigorrezko bidelagunak jarriko dizkizugu: ERC, ICV eta CUP». Zail dago orain, eta gero ere zaila izango da, CiU eta ERCren arteko akordioa. CiUk lagundu beharko dio ERCri, CiUri lagun diezaion; eta alderantziz, ERCk lagundu egin beharko dio CiUri, ERCri lagun diezaion.
Asko dago jokoan Katalunian etorkizun laburrean, hurrengo urteotan; eta helburua argi edukita bakarrik lortuko du hamarkadetan ametsa zena, eta azken hiruzpalau urteotan benetako aukera dena.
Pozteko arrazoia daukagu euskaldunok, ikusita Parlament-en aulkia lortu dutenen artean Gema Calvet eta David Fernandez daudela. ERCkoa lehena, CUPekoa bigarrena. Biek ala biek gertutik ezagutzen dute Euskal Herriko egoera, eta lan handia egindakoak dira euskaldunok pairatutako gehiegikeria polizial eta judizialen aurka. Euskaldunon eskubide zibil eta politikoen alorrean azken urteotan egindako urraketen salaketek beti jaso dituzte, beste askoren artean, Calvet eta Fernandezen laguntza eta konpromisoa. Orain, asko abusatu gabe, bi enbaxadore dauzkagu Kataluniako erakunde gorenean. Lehendik ere bazeuden, etxe horretan, euskaldunen lagunak noski; baina bi hauek ezin aproposagoak dira.
Zuek ere, Vicent, hasi beharko duzue enbaxadoreak bilatzen Euskal Herriko erakundeetan, zuen nazio eskubideen bozgorailu lana egingo dutenak.
Zuenek gure alde lan handia egin dute. Ea gureek...
Enbaxada bila
Bi enbaxadore zuenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu