Manex Mantxola Urrate.
ELE

Beti jan eta beti gose

2022ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Piztiaren gosea asegaitza da. Denetik jaten du, gizentzen badu. Berdin zaio naturagune, musika estilo, iraultzaile baten irudi edo mugimendu politiko oso bat. Euskaldunok, sukaldari petoak izaki, bikain elikatu dugu azken urteotan. Horregatik ez daukagu sukaldariz aldatu beharrik. Tamalez, ez dira betiko garai onenak bankete jorientzat eta ugarituz doaz geroz eta gehiago apurrekin konformatzera behartzen gaituzten errezetak. Gutxi batzuentzat oturuntza, besteontzat apurren erregimena. Dietan jarrai.

Batzuentzat digeritzeko zaila bada ere, euskal sukaldaritza beti izan da, oro har, oro ar eta oro urre. Eta urrezko arrautzen oilo horri segika sortu zuten Basque Culinary Center izenez batailaturiko unibertsitate pribatu, baina publikoki finantzatua. Zein euskaldunek ez du azken hamar urteotan bere diruz mamitutako proiektu honen onura zuzenik izan? Bada, oraindik despistaturen bat balego, jakin Donostiako Gros auzoan bigarren egoitza bat egosten dabiltzala. Egoitza berria, errezeta zaharrarekin:

Gentrifikazio deritzen zentrifugatzaile soziala topera duen auzo bat hautatu. Alkateak norbere auzoan zahartu nahi izatea pixka bat exquisitoa dela badio, ezin hobe. Erreserbatu. Gazteen emantzipazio, osasun zentro, adinekoen egoitza edota auzotarren edozein behar sozial asetzeko orube gutiziatua eskrupulu barik oparitu. Geroz eta berdeagoa, hobe. Utzi lasai auzotarrak berotzen, baina kontuz erre gabe. Zuritu proiektua marketinarekin. Zerbitzu publikoak beratzen utzi urte luzez. Zukutu. Isuri milioikadak espekulazioaren heltzera. Et voilà: dekonstrukzioaren konstrukzioa. Promotoreak ase, auzoak barau. Bon profit!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.