Talibanak izozkiak miazkatzen, talibanak autotxokeetan jolasean, talibanak ohe elastikoetan saltoka. Arrotza zaigu turbante eta bizardun gizon armatuak gauza arruntetan denbora-pasan ikustea. Berretsi nahi dugun basakeria ez zaigu oraindik ageri sare sozialetan, eta deseroso sentiarazten gaitu horrek.
Informazio joritasunak atentzio urritasuna dakar eta presaren hatsa une oro garondoan sumatzen dugun garaiotan inoiz baino nabarmenagoak dira honen ondorioak. Swipe eta scroll bizkorrek gobernatzen dute gure denbora apurra. Jakinarazpen soinu akutu eta zorrotzek eragindako dopamina txuteen erritmora pentsatzen dugu. Eta, gehienetan, ez digu ematen ezta sudurren parean duguna modu kritikoan aztertzeko ere.
Hala eta guztiz ere, Afganistan ulertu nahian gabiltza. Honen edo haren algoritmoak erakusten dizkigun argazki eta bideoei begira. Konkretuari begira, kontestua alboratuz.
Walter Lippmann kazetari eta filosofo estatubatuarrak argi esan zuen. Geure iritzi publikoak eraikitzeko bidean, begiradarekin besarka dezakeguna baino espazio zabalagoa aztertzera behartzen dugu geure burua. Bizi ditugunak edo are bizi ditzakegunak baino denbora tarte luzeagoak ulertu nahi ditugu, Inoiz zenbatu edo imajinatu ezingo genituzkeen norbanako, ekintza eta gertakariak epaitzeko. Lippmannek zioen hedabideek ezinbestean sinplifikatu behar dutela kontakizuna, orokorkerian eta karikaturan erortzeraino ezinbestean.
Orokorkeria horretan, izan Afganistanen, izan Istambulen edo Habanan, errazegia da, pantaila tarteko, urruneko pertsonak epaitu, injustiziak salatu eta itsasoz bestaldeko bandoetan aldea aukeratzea. Besteena gorria ikustea gustatzen zaigu gure etxe kontuetan berriz zuri-zuriak garen bitartean.
MELE
Besteren gorria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu