Telebistaz ari zelarik, «Mundua zabala da bestela» zioskun Aritz Galarragak herenegungo bere zutabean. Badago mundu bat telebistak jasotzen ez duena. Eta zabala da. Badago mundu bat hedabideek biltzen ez dutena, politikak-eta ematen ez dutena. Eta zabala da. Galarragaren esaldiko bestela partikulan dago gakoa: ikuskera itsu eta estu, miope eta dorpeek estutzen dute mundua, zabala da bestela. Beti dago mundu bat —eta zabala da— nire interes eta obsesioetatik harago. Txar guztiak kenduta, badago, bai, mundu bat nire hagineko minetik kanpo. Baina ni hagineko minez banago, haginera doa mihia, eta hagineko minetik mintzatzen naiz. Nire egoeratik eta nire hizkuntzatik. Baina ez mihiak minean bertan goxo egitetik, mihia minean trebatu eta zorroztetik baizik.
Nola, bestela?
«Ez dago hizkuntzarik edertasunerako aski denik», dio Czeslaw Milosz poetak. Mundua zabala baita… bestela.
Opor eta indarberritze on.
HITZ BESTE
Bestela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu