martxelo otamendi
Enbaxada bila

Beste . bat euskararentzat

2013ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Kostata, baina iritsi da. Beste adibide bat, erakusteko gureen antzeko herri txiki eta gutxituentzat ahaleginaren bidea dela bakarra helburuak lortzeko. Zuok katalanok zabaldutako bidetik abiatuta, lortu dute .eus domeinuaren bultzatzaileek aspaldiko ametsa betetzea.

Aurki .eus domeinua erabiltzeko moduan egongo gara, eta mundu guztian zabaldu ahal izango dugu badagoela hizkuntza bat, euskara, lurralde geografikoa txiki bat zeukana-daukana, Euskal Herria; orain sarearen bidez zabalagoa izango dena. Lurralde handiagoa dauka euskarak sarean dagoenetik, teknikari euskaltzale aitzindari batzuek, duela ez horrenbeste urte, erreflexuak eduki eta euskara sarean sartu zutenetik.

Hizkuntza gutxitu gehienak bezala, euskara berandu iritsi da, historikoki, adierazpide berrietara. 50 urte berandu iritsi zen liburugintzara, 200 urte berandu egunkarira, 60 urte berandu irratira, 30 urte berandu telebistara.

Azken adierazpidera, sarea deitzen diogun horretara, ordea, nahiko goiz iritsi da, oso goiz, atzerapen historikoari erreparatzen badiogu. Oso urte gutxi pasatu ziren ingelesezko aurreneko webguneak sortu eta euskarazko lehena zabaldu zen arte, kronikoa ematen zuen atzerapena etenez. Hemendik aurrera, euskarak ez du urteetan itxaron beharko etorkizunean sor litezkeen komunikazio plataforma berrietan egoteko.

Hori irabazi du euskarak azken 15 urteotan, eta .eus domeinuaren lorpena bide horretatik doa. Pentsatzekoa da migrazio handia egongo dela .es-etik .eus-era, masiboagoa euskararekin lotuta dauden ekinbideetako webguneetan, eta igarrezinagoa bestelakoetan. Zer egingo dute oraindik .es daukaten hainbat erakunde publikok, parapublikok eta finantzariok...?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.