Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Bertze Madril hori

2022ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Madrilgo epaitegi batek urte bat eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri die aste honetan hango bi aktibistari, Puerta del Solen egindako manifestazio batean parte hartzeagatik Katalunian 2017ko Urriaren Lehenean izandako erreferendumaren aurkako errepresioa salatzeko. Hala, Dani Gallardoren kasu ezagunaren ondotik, berriz ere oldartu zaizkie Kataluniari elkartasuna adieraztea erabaki zuten madrildarrei.

Atxilotuek parte hartu zuten erreferendumaren aldeko manifestazioan: arrunt baketsua izan zen, baina, aldi berean, gau tirabiratsu baten lehenbiziko txinparta ere bai; izan ere, eskuin muturra jazarri egin zitzaien manifestariei, erabateko inpunitatez eta Poliziak sostengaturik. Hilabete bat geroago, Madrilgo Seiak deitu zaienak (@DeDetenidos Twitterren) atxilo hartu zituen Poliziak, ordena publikoaren aurkako delituak egitea eta ultrak zauritu izana egotzita.

Hondarrean, horietako bi zigortu dituzte, zer-eta oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen aurkako delitu bat egiteagatik; ez du ez bururik ez hankarik.

Zigortu egin dituzte, nahiz eta gertakariak ez datozen bat eta zentzugabeak diren erabat. Aktibistek parte hartu zuten manifestazioa baimendua zen; talde faxistena, ordea, ez. Eta sei aktibistak hilabete baten buruan atxilotu zituzten, etxean ordu txikietan edo, bertzela, lantokian. Ordu hartan, Poliziak adierazi zuen liskarretan identifikatu zituela, baina, gaur-gaurkoz, oraindik ez du azaldu nolatan ez zituzten hantxe atxilotu, orduantxe, baldin eta manifestazio egunean berean identifikatu bazituzten.

Bereziki deigarria da, gainera, zigorra noiz ailegatu den; hain zuzen, auzitara jo eta Izquierda Castellana, bere ibilbidean gure herrien aldarrikapenak babestu eta autodeterminazio eskubidea errespetatu duen alderdi bat, legez kanpo uzten saiatu diren honetan, inongo itxurarik gabe.

Haiek dira Madrilen bertze aurpegia, bertze Madril hori, eta gure aintzatespen eta sostengu erabatekoa merezi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.