Gauza asko esan dira Bilbo Zaharra, Zabala eta San Frantzisko auzoetan azkenaldian izan den delinkuentziaren gorakada dela eta. Iragan urriaren 28an, Manu Conde, Ibaiondoko udaltzainen Ikuskapen buruak segurtasunarekin lotutako hainbat neurri eman zituen jakitera. Denak lotuta zeuden polizia gehiago jartzearekin.
Egun batzuk geroago, Bizkaiko SOS Arrazakeria taldeak publikoki salatu zituen gazte marokoarren aurkako taldekako miaketak. Egoerak eskatzen zuen tamainako neurriak hartzeko eskatu zion elkarteak poliziari, giza eskubideen errespetuan oinarrituta. Iragan azaroaren 23an, Bilboko Udaleko Hiritarren Segurtasunerako zinegotzi Tomas del Hierrok datu gehiago eman zituen. Bere hitzen arabera, delituen kopurua %18 igo da iazko urtearekin alderatuta, eta batez ere telefono mugikorren lapurretak ugaritu dira. Sen oneko norbaitek pentsa al lezake gazte hauek beraien bizitza arriskuan jarri dutela beraien bizitza proiektua karterak eta mugikorrak lapurtzea izan dadin?
Adierazpen horien aurrean, Bizkaiko SOS Arrazakeriatik esan nahi dugu erakunde publikoen ardura dela pertsona guztien errespetua babestea, berdintasunaren printzipioa eta arta ez baztertzailea errespetatuz. Exijitzen dugu kolektibo zehatzak jomugan jartzeari uzteko, batez ere, babes gehien behar dutenak. Gaztetasuna, immigrazioa eta delinkuentzia zuzenean lotzen direnean, Tomas del Hierrok egin duen moduan, gidalerroa babesa izan beharrean, gidalerroa zigorra bihurtzen da. Jazarpen hori eraginkorra egiteko, poliziak eskura du makineria arrazista osoa indarrean jartzeko neurri sorta; Atzerritartasun Legea, mozal legea edo Zigor Kodea, esaterako.
Gure kaleetan delinkuentzia estatistikak ez dira askoz ere handiagoak, hiriko beste auzo batzuekin alderatuta. Itxura ematen du badaudela botere politiko eta ekonomiko jakin batzuk interesa dutenak alarma soziala pizten eta bizilagunak estigmatizatzen. Hala, talde sozial batzuk lekuz aldatzea lortuko lukete—hauskorrenak— beraien mesedetan, gentrifikazio gisa ezaguna egin dena, hain zuzen. Bestalde, hedabide batzuek ere ateratzen diote etekina segurtasunik ezari.
2009an, delinkuentziaren arazoa konpontzeko aitzakiapean 19 kamera jarri ondoren, gaur frogatuta geratu da kamerek ez zutela ezertarako balio izan. Antza denez, poliziaren presentzia handitzea ere ez da eraginkorra izan. Orain esaten digute txakurrez lagundutako polizia unitatean erabiliko dituztela. Benetan pentsatzen duzue mugikorren lapurretari aurre egiteko txakurrak baliatzea? Eta larriena, Segurtasunerako zinegotziak esaten du «bide publikoaren legez kanpoko erabilera» egiten dutela. Noiztik izan da legez kanpokoa bide publikoa erabiltzea? Onar dezagun kalea denona dela, eta bertan egoteko eskubidea daukagula inori errespetua galtzen ez zaion artean.
San Frantzisko, Alde Zaharra eta Zabala auzoak jatorri askotariko pertsonaz osatu ziren eta beso zabalik hartzen segitzen dute jatorri askotarikoa dutenak. Ez dugu utziko inguru oso bat manipulatzen segurtasunik eza modu interesatuan irudikatu eta kriminalizatzen dutenen eskutik.
Gure auzoek pobrezia, bazterketa eta desberdintasun maila altua daukate. Bere historia guztian pairatu dute hori. Horri gehitu behar zaizkio egiturazko arrazakeriak inposatutako desberdintasunak, lanpostu duina izateko eta bestelako eskubide sozialetarako zailtasunak.
Egoera hori okertu egin da instituzioen utzikeriagatik, gai baitira plan urbanistikoetan inbertsio handiak egiteko eta, aldi berean, txirotutako hiritarren bizi baldintzak hobetuko dituen neurriak hartzeari uko egiteko. Egoera hori eskuinak eta eskuin muturrak balia dezakete, hauteskundeei begira. Europako beste herrialde batzuetan gertatzen ari da, eta hemen ere hasi da. Horretaz ohartzeko,nahikoa da Espainiako eskuineko politikariek azken asteetan egindako adierazpenak entzutea.
Beldurraren kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu