Amaitzear dago aurtengo ikasturtea, eta LOMCE iritsia da gure eskoletako lehen hezkuntzako maila bakoitietara. Eta, oraindik aditzen delarik 8-9 urteko ikasleak ebaluatzeko diagnosi azterketa probakoan planto egin izandako danbor hotsen oihartzuna, beharbada, merezi du zera nabarmentzea berriro ere: lege organiko horrek galdaturikoa betez, datorren ikasturtean jada babesik gabe egongo dira EAEko lehen hezkuntzako maila guztiak eta bigarren hezkuntzako bi maila.
Hala ere, datorren ikasturtera begira, bada beste egitate garrantzitsu bat, araututakoari dagokionez: Euskadiko Eskola Kontseiluaren txosten aginduzkoaren ondorioz, dena prest dago Heziberri 2020 egitasmoaren bigarren faseko dekretuak argitaratu eta indarrean jar ditzaten.
Lehenik eta behin, argi eduki behar dugu LOMCEren araubidea EAEra egokitu dutela Heziberri dekretuaren bidez; alegia, behin Hezkuntza Saiburuordetzak onartu duelarik ezer ezin dela egin LOMCEri izkin egiteko, horren arabera arautu dute eskumenen eremua. Bigarrenik, aurrez ikustekoa zenez, 2015-2016ko ikasturtean sartuko da indarrean, eta hura ezartzeko egutegiak hasiera-hasieratik eragingo dio lehen hezkuntza osoari; eta datorren ikasturtean, bai eta bigarren hezkuntza osoari eta batxilergoari ere.
Hala, esate baterako, 2015-2016ko ikasturtea amaitutakoan, zenbakizko kalifikazioak izango dituzte lehen hezkuntzako ikasle guztiek, 1etik 10era bitartekoak; barne ebaluazioko proba bat egina izango dute hirugarren mailan, eta kanpo ebaluazioko beste bat seigarrenean; hautua egina izan beharko dute balioei buruzko irakasgaiaren eta erlijio irakasgaiaren artean; aurrerantzean, ez dute diagnosi probarik egin beharko laugarrenean; eta, seguru asko, ez dute izango bi urteko ziklorik lehen hezkuntzan... Eta, azken batean, errealitatea erabat aldatua ikusiko du nork bere ikastetxean, baina aldaketa horiei guztiei buruzko argibide ofizialik ez diote jakinaraziko inortxori —ez familiei, ez irakasleei—.
Hori egitate bat da, ezen ez iritzi bat. Ebidentziak beren kabuz gailentzen dira. Horren inguruan, berriz, hainbat argudio eman ditu gaur egungo Hezkuntza Sailburuordetzak: intsumisioa ez dela onargarria lege organiko bati aurre egiteko; garrantzitsuena dela ikasle guztien segurtasun juridikoaren alde egitea; LOMCE ez dela iritsiko gure ikasgeletara; LOMCEri aurre egiteko plan bat dela Heziberri; Heziberri ez dela LOMCEren kontrako giltza; lehen hezkuntzako hirugarren mailako probek ez dutela zerikusirik LOMCErekin... Azken batean, argudio asko eta askotarikoak erabili izan dituzte. Baina zein helburu lortu nahi zuten?
Azken batean, Hezkuntza Sailburuordetzak berak bakarrik daki zein diren hainbeste bira eta joan-etorriren azkeneko xedeak; baina distrazio estrategia bati erantzuten dio haren jardunbideak, bai horixe.
Hala bada, behin onarturik gure hezkuntza sistemaren bihotz-muinean sartua dela LOMCE, nahiz eta halakorik ez duten iragarri oraindik modu ofizialean, zera baino ezin dugu egin: aurpegi eman 2015-2016ko ikasturteak —legegintzaldiko hauteskundeak ere tarteko direla— ekarriko digun etorkizun badaezpadakoari. LOMCErekin gertatzen dena gertatzen dela, hurrengo hauteskundeetako emaitzen bigarren mailako ondorio gisa, gure artean geratzeko etorria da Heziberri; horretan ez dago zalantza izpirik. Madrilen LOMCErekin gertatzen dela gertatzen dela ere, gure hezkuntza sistema arautuko dute Heziberriren hezkuntza oinarrizkoari buruzko dekretuek, LOMCEren zoriaren mende idatziak izaki. Beraz, hurrengo ikasturtera begira, egokia da horixe edukitzea argi den-denok. Egoera honek geure buruari galdearazten digu ea ez ote gaituzten helburu horretatik distraitu nahi izan hasieratik.
( Erredakzioan itzulia )
Behin betiko ezarri da gure ikasgelan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu