Behar bai, baina sartu ezin!

Xabier Aierdi.
2015eko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Zygmunt Bauman soziologo ospetsuak esan du Europa abentura bukatugabea eta agian bukaezina dela. Gizateria beti aurrera eta hobetuz doala uste izan dugu, aurrerabidea zelarik ideia hori. Baina atzerako urratsak ikusten ari gara Europako eraikuntzan. Balio demokratikoak, laikotasuna, giza eskubideen errespetua, ongizatea babes-berme gisa emantzat hartu izan ditugu. Baina prozesua da Europa; ez estatusa! Osatzen duteneko estatu identitateen ordez berri bateratu baten eraikuntza zuen helburu, beteko ez dena hurrengo hamarkadetan. Berriro Estatuak bueltatzen dira, bakoitza bere identitate-proposamenarekin. Eta hori guztia ezinbesteko immigrazioarentzako panoramarik okerrena da.

Duela sei urte, Hobsbawm historialariak Bilbon, Gutun Zurian, honako hau aurreikusi zuen: «Europan faxismo berri baten zantzuak ikusten ditut». Hobsbawm hil zen, baina hark zekusan gutxiengo arrazistak ugaltzen ari dira, kausa modura baino, gehienetan krisia aitzakia gisa erabiltzen dutelarik.

Krisiaren larritasunarekin, egungo sistema ekonomikoak sorrarazten duen jendetza desanparatuarekin, badugu indar xenofoboentzako eremu aproposena, ondo dakite-eta etorkizun sendo bat ez izatearen etsipen kolektiboa bideratzen. Eremu politikoa lokala denean eta globala, ordea, ekonomia kontrolaezina... Marine Le Penek egungo egoera konpontzeko estatuek berriro ekonomia kontrolatu behar dutela dioenean, ezkerrak ere defendatzen duen argudio berbera darabil, baina gero ondasunak noren artean banandu behar diren, orduan datoz ezberdintasunak. Eskuma xenofoboak eta baita ezkerreko sektore baztertuenetako kideek ere argi daukate metafora oso sinpleekin nola egin behar den operazio hau: nazional edo bertakoei lehentasuna emanez.

Logika estatalari jarraituta, berriz, Europaren dilemak ez du konponbiderik. Demografikoki adinduen bainuetxearen antza hartuz doa, eta biztanleria aktiboa mantendu ahal izateko kalkulurik kontserbadoreenetan 50 milioi pertsona gazte beharko lituzke. Piramide demografikoa berregiteko asmoa balu, 675 milioi. Bigarren aurreikuspena ez da gertatuko, baina lehena posible izan dadin gizarte estatalizatuak traba objektiboa dira, ze premia demografikoak ditugu, baina estatuetako biztanleriak ez du immigrazioa onartzen eta erakunde ofizialek eta ikerketa sendoek diotena ezin da sozialki praktikatu. Dilemaz gain, tragedia ikaragarria da hau.

Badago beste hipotesi bat demografiaren beste dimentsio batekin lotua: ez gara ohartu Europaren zahartzeak boto-emaile adinduaren indar hazkorra dakarrela, eta sektore horiek dira, ez gazte askatasun zaleak, Europako politika determinatzen dutenak, eta gauza ororen gainetik ziurtasuna, ordena eta euren interes ekonomikoen babesa eskatzen dute: Merkel adibide, bere boto-emaileak etorkizuneko eredu eta Grezia kaltetua.

Panorama zailtzeko, mundu islamiarrean garatzen ari den hegemoniaren inguruko borroka gehituta, Europaren etorkizuna bere batasun politikoan legoke, baina egun kontrako bidea hartu du. Sarri esana da Europa ekonomikoki erraldoia zela, baina politikoki ipotxa. Irudi hori ondo egokitzen zen duela hamar urteko errealitatera. Gaurkoak ekonomia zatitu eta berrestatalizatzen ari dela erakusten digu, eta horrela ezin liteke ganorazko immigrazio politikarik egin, ze estatu bakoitzak bere gizarte propioa lehenesten du, estatuak elkarren kontra aritzen dira, garrantzizkoenetan indar politiko xenofoboak indartu dira, Europa zentraletik datozenek xenofobia oso azalean dute; beraz, arazo larri bat dago: legedia eta direktiba komunitario inpekableak alde batetik eta eguneroko politika estatal inplakableak bestetik.

Mediterraneoan gertatzen dena koiuntura honen eta Europak nazioartean hartu dituen politika maltzurren emaitza da. Ondorioz, Europa gotorleku bilakarazi nahi da. Baina Baumanek berak esan zuen: harresirik handiena jarrita ere, turista, errefuxiatu edo etorkin modura etorri ezin badira, terrorista gisa etorriko dira!

Europar politika arduratsu batek immigrazio premiak zehaztu eta bere hiritarrei, euren borondatearen kontra bada ere, politika horiek inposatu beharko direla oso argi esan behar die. Politika egitea, oso sarri, gizartearen pultsioen kontra aritzea da, ez haien aitzakiarekin errazena egitea. Azkenarekin Machadok Espainiarako esandakoa beteko da: Europa bietatik, batek bihotza izoztuko dizu.

Espero dezagun Europak abentura izaten jarraituko duela!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.