Behin, ipuinak kontatzera gonbidatu nindutelarik, entzule izan behar nituen neska-mutil nerabeei Babelen Benetako Kondaira izan zitekeena aditzea proposatu nien. Ipuina neuk sortua zen, eta hartako huraxe neukan ahoz esateko ematen zidaten lehen aukera. Lehena eta azkena, harrezkero ez baininduten beste inora gonbidatu. Harira baina! Ipuinaren titulua esan baino ez eta, hara!, irakasleetako batek keinu egin zidan. Zer zen kontua, ba neska-mutilek ez zekitela Babel zer zen, lekua ala, pertsona ala, auskalo. Lekuz ez dakit, baina, garaiz kanpo nengoela zalantza izpirik ez. Beste ipuin bati ekin behar izan nion. Trauma galantarekin, noski.
Ipuinetarako ere kontsentsuak behar izaten dira. Ipuin unibertsalik ez dut uste dagoenik. Literatura unibertsalik, ezta ere. Nekez irudika genezake Xerezade bat bere igluan, europarron Ekialde Fantastikoan errege-ganberan beharrean, Iparralde hartako gau zurietan izotz-aldeetako mila emazte hil dituen zerari ipuinak aletzen. Eta bitartean han ere sekulako dorrea eraikitzen. Nork baina?
Bibliaren sinestunen ustez, Babelgoaz geroztik munduan nagusitu zen hizkuntza anabasa, egun aniztasun deritzona, humanitatearen porrot handienetakoa omen da. Bekatuaren ondorio latza, gaitzetan gaitza, ustez denok elkar aditu ezina. Ez dago imajinatzerik Xerezade bat Central/Hyde Park bete batean humanitate osoak uler zezakeen hizkuntza batean ipuin kontari. Ezta behar ere. Musikarekin aski. Joplin, Madonna, Cohen, Gainsbourg... «I love you» ala «Je t’aime»? Horra kolonizatuaren adierazpen askatasuna. Tamalez Frankismoan Gainsbourg eta Birkinen kantua debekaturik genuen. Babel osteko gaitz bat gutxiago, ezta? Zer arraio. Dena dela sorterriko diskotekan bazekiten kantua tarteka ipintzen. Amaiera aldera, noski, eta inguruan txapelokerrik ez zela segurtaturik, noskiago.
Babelgoaren osteko tragedia omen dena zelanbait pittin bat arindu alde, edo, euskaraz idazten dugunoi maiz esaten ziguten, lehen behintzat, ea ba zer dela eta ez dugun idazten gaztelaniaz, erresumakooi, edo frantsesez, errepublikakoei, biotako batean behintzat guk denok bikain egiten dakigulakoan eta, bidenabar, haien ustez literaturarik merezi ez duen hizkuntza bat kentzen laguntzearren. Irakurle gehiago, aizu! Txineraz askoz gehiago, erantzun izaten nien halakoei nik, artean ere erantzuteko adorea neukanean, jada ez. Beste Xerezade bat imajina nezakeen; ni neu!, Txinako Harresian alderik alde ipuin kontalari. Sei mila eta laurehun bat kilometro luze omen da eta, zenbat gau kabitzen da hor? Eta ekialdetik mendebaldera, Koreako muturretik Gobiko morturaino, zenbat hizkuntza, lengoaia, mintzaira, molde, era eta etzetera? Han ere ez zeukakeen erraza Xerezadek, izan hura ni, izan enperadorearen alaba Ezti Li.
Eta behin horretara jarrita, mila eta bat Xerezade imajina nezake, munduan oraindik bizirik diren beste horrenbeste hizkuntza eta bat gehiagotan. Zertan ez imajinatu amazona tankerako beste Ezti Li bat, miragarrietan miragarri, Amazonian barrena gauero ipuin kontalari, eta ipuin bakoitzaren ostean justiziari.
Zertan segitu, natorren harira. Babelera alegia.
Imajina dezakegu hango lanen martxa ederrarekin pozik, gauetan lan egiten ez zutenek belarrira ipuin ederrenak xuxurla ziezazkieten Xerezade halakok bilatzen zituztela. «Gauak Babelen? Ortzia izarrez, gogoa arnoz eta Xerezadez», horra izkribu zaharretan gorde den hango esan zuhurrena.
Xerezade anitz omen ziren, Babelen hartan egiten ziren hizkuntzak bezain ugariak; eta bat gehiago. Zeren eta hartan, jainkoak madarikatu aitzin, zein lanbidekoek beren mintzaira baitzeukaten guztiek, eta, aldi berean, ingurukoenak ere bazituzten basikoki endelegatzen, eurena, besteen mintzairen aldean bestelakoa eta sekretuzkoz betea izan arren. Eta halaxe ba, sekretuzko sekretuzkorik zirauten dorrea ortzirat azkarki igoarazten.
Gauez, zenbat Xerezade han gero! Izan gizon, izan emazteki, izan amazon, izan hor konpon, zeren eta mintzairak nolako eta zenbat, halaxe zituzten-eta larru jolasetan ere setak, apetak eta trepetak. Harik eta halako batean jainkoak —jainkoak, bai—, agindu eman zuen arte; edo denok hizkuntza bakarrean elkar aditu edo bestela alde hemendik. Horra ba Babelen Benetako Kondaira laburturik.
Ipuina borobiltzeko esan, zera, nork bere lanbidea eta mintzaira, biak ere biak maite zituztenek, alde egin zutela, auskalotako lurraldeetara. Geratu ziren, egia, elebakarren batzuk, euskaraz idazten dugunoi zertan ez dugun zera, gazteleraz, edo frantsesez zuoi haurrideok, idazten, halaxe galdetu izaten zigutenetakoak, orain ez eta hori ere.
Ikastetxe hartako ikasleek egin zidaten mesedea gero! Egin gabe gogoan geratu zaidan galdera, zera, ba al dakizue nor den Xerezade?
Lekutan dira Literatura Unibertsala, lekutan unibertsalak omen diren ipuinak. Zein Gabonetakoak zein Xerezadeak Babelen izeneko hau bezalakoak.